Hegoalde Gizarte Etxean Maitatzea ez da delitua, Gure borroka Afrikan erakusketa ekainaren 1etik 22ra bitartean jasoko du. Ondoren Malabon erakutsiko da, Ginea Ekuatorialeko lehenengo LGBTI astean. Amnesty Internationalek antolatutako 27 argazkik eta atariko xafla osatzen duen bilduma, Hegoalde Gizarte Etxeko erakusketa gelan ikusgai egongo da.
Erakusketak sexu askatasunaren aldeko Afrikako borroka azaltzen du. Obraren egitasmoa errealitate honen ikuspuntu “positiboa” erakustea da. Izan ere, argazki bildumaren bidez aktibistak eta herritar anonimoak LGTBI komunitatearen eskubideen alde Afrikan egiten ari duten borroka erakusten du.
Maitatzea ez da delitua. Gure borroka Afrikan, Noxolo Nogwazari eta Jean Claude Roger Mbédéri omenaldia egin nahi die, maitatzea delitua ez dela defendatzeagatik bizia galdu zutenei.
Argazkiko istorioak Kenya, Hegoafrika, Kamerun, Zambia eta Uganda inguruetan garatzen dira. Irudietan homofobiaren eta transfobiaren kontra borrokatzen duten gizon-emakumeak ikus ditzakegu.
Afrikako 38 estatu inguruk sexu bereko helduen harreman onartua kriminalizatzen dute, Estatu homofobia eta sexu gutxiengoaren kontrako indarkeria bizitzen den testuinguru sozialetan.
Homosexualitatea legala den herrialdetan, Hegoafrikan adibidez, ohikoak dira sexu orientazio eta genero identitatearengatik gorrotoak bultzatutako delituak gertatzea, LGTBI komunitatearen giza eskubideak arriskuan jartzen dituztela. Hala eta guztiz ere, LGTBI komunitateak beren eskubideak erreklamatzen jarraitzen du aktibismoaren bidez, nahiz eta zaila suertatu hainbat kasutan.