Okintzaren ofizioa barrutik erakustea eta herritarrei ogia eta opilen inguruko formazioa eskaintzen dira Gasteizko San Martin auzoan kokatzen den Mamia proiektu berriaren helburuak. Artepanek eta 220º Sukaldaritza Alternatiboaren Guneak indarrak batu eta Gasteizen aitzindaria izango den egitasmoa abian jarri dute, ogiaren kultura sustatzeko. San Martin auzoko Diaz de Olano margolariaren kalean kokatzen da Mamia eta okintza, gozogintza eta sukaldaritza arloetako formazioa uztartuko ditu.
Batetik, publikoak ogia nola ekoizten duten zuzenean ikusteko aukera izango du, izan ere, lokal barrutik zein kanpotik produktuen ekoizpena ikusgai izango da. Bertan egunero egiten dituzten produktuak salgai jarriko dituzte dendan. Horrekin batera, formazioa eskainiko du Mamiak eta helduei eta haurrei zuzendatuko sukaldaritza lantegiak antolatuko dituzte.
Ama-oreak eta kalitatezko lehengai ekologikoak erabiltzea, ekoizpenean artisau-prozesuak jarraitzea eta bezeroari produktuaren inguruan ahalik eta informazio gehien ematea dira Mamiaren ardatzak.
Txema Pascualek (Artepan) eta Elena Zudairek (220º) hiru okinek eta hiru zerbitzarik osatutako lan taldea gidatuko dute. Horrez gain, arloko bestelako adituekin ere arituko dira elkarlanean.
Mamiak, gaur, asteazkena, zabalduko ditu ateak. Inaugurazio ekitaldia 19:30ean izango da.