Hauteskundeetako mahaiak osatzeko zozketa egin dute gaur

Erredakzioa 2016ko mai. 30a, 12:15

186.557 pertsonak botoa eman ahalko dute Gasteizen. 2.682 mahaikide aukeratu dituzte.

Gaur goizean ekainaren 26ko Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa egin dute. Guztira, 2.682 pertsona egongo dira hirian zehar jarriko dituzten 298 hauteskunde-mahaietan. 

Hauteskunde errolda kontsultatu eta erreklamazioak aurkezteko epea igaro ondoren, hurrengo hauteskundeetan 186.557 pertsonak eman ahalko dute botoa Gasteizen. Hau da, abenduko hauteskundeetan baino 203 pertsona gehiagok.

Guztira 34 hautesleku izango dira, aurreko hauteskundeetan bezala. Abenduan, hiru hautesleku berri jarri ziren: Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroa, Salburuko gizarte etxea eta San Martineko bulegoak. Halaber, lau leku kendu ziren: San Andres kiroldegia, San Martin ikastetxea, Luis Aranburu musika eskola eta Arantzabela ikastola.

Guztira 298 hauteskunde-mahai dira. Zozketa egin ondoren, Udaltzaingoak dagozkien jakinarazpenak banatuko dizkie 2.682 pertsonari. Hauteskunde-mahaian egotea egokitu zaien jakin nahi dutenek 010era deitu dezakete, edo herritarrei laguntzeko bulegoetan kontsultatu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago