Gasteizko Jazzaldiak musikari garrantzitsuak batuko ditu aurten, uztailaren 12tik 16ra bitarte, jaialdia sortu zela 40 urte beteko direla ospatzeko. Urte hauetan guztietan egin bezala, musikari topaketa berezia antolatu du aurten ere Kenny Barron eta Dave Holllanden emanaldiarekin. Mundu mailako kontzertu bakarra izango da uda honetakoa.
Uztailaren 12an hasiko da jaialdia gospel gauarekin, Chicagoko talde nabarmenetako batekin, Bryant Jones & The Victory Gospel. Hurrengo egunean, asteazkenean, blues gaua eskainiko dute Ruthie Foster abeslari eta gitarristarekin eta Taj Mahal bluesman handiarekin.
Ostegunean, berriz, uztailaren 14an, bi jazz musikari handik hartuko dute Mendizorrotza pabilioia; Tom Harrellekin emango diote hasiera gauari eta Joshua Redman helduko da ondotik.
Kennny Barronen pianoa eta Dave Hollanden kontrabaxua uztailaren 15ean elkartuko dira, eta kontzertu handiaren ostean Jamie Cullum helduko da jaialdiaren 40. urtebetetzea ospatzera. Eta azkeneko gaua ere berezia izango da. Pat Metheny eta Ron Carter izango dira lehenik, Charlie Hadenen omenezko kontzertuarekin, eta Cecile MacLorin Salvanten ahots ederrak itxiko du jaialdia.
Mendizorrrotzako kontzertu handiekin batera, hiriburuko beste hainbat txokotara helduko da jazza horietan. XXI. Mendeko Jazza emanaldietan, esate baterako, Pablo Martin Caminero musikari gasteiztarra arituko da Chris Cheek saxofonistarekin batera, Konexioa izeneko atalean, Principal antzokian.
Gauerdiko Jazza emanaldietan, berriz, Benny Green eta Louis Prima Forever arituko dira Shakin'All Brass Band bandarekin batera. Gauero eskainiko dituzte kontzertu hauek, 24:00etatik aurrera, Canciller Ayala hotelean.
Sarrera eta abonamenduak www.jazzvitoria.com webgunearen bitartez eskuratu daitezke edota Jazzaldiak maiatzaren 30etik aurrera izango duen dendan, Plaza Berrian.