Jose Uruñuelako ikasleek berek sortutako ikuskizuna estreinatuko dute

Erredakzioa 2016ko mai. 24a, 14:26

 Selfmade lana maiatzaren 28an taularatuko dute, 19:30ean, Ibaiondo gizarte etxean. Sarrera-salmentatik ateratzen den dirua Save the Childreni emango diote.

Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioko ikasleek berek sortutako dantza garaikideko kontzeptu eta ikuskizun berri bat estreinatuko dute asteburuan. Kontserbatorioko Ikasketa Profesionaletako 6. mailako ikasleek sortu dute, zentroko zuzendari Carmen Terceroren eta Dantza Garaikideko irakasle Arantzazu Susunagaren laguntzarekin.  Selfmade izeneko lana maiatzaren 28an taularatuko dute, 19:30ean, Felix Petite antzokian (Ibaiondo gizarte etxean).

Sarrera-salmentatik ateratzen den dirua Save the Children erakundeari emango zaio, bizimodu hobe baten bila beren herrialdeetatik ihes egindako errefuxiatuei laguntzeko.

Proiektuaren helburua sorkuntza, autonomia eta talde lana sustatzea izan da, koreografia sortuz eta agertokira eramanez. Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioko Ikasketa Profesionaletako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek hartuko dute parte.

Kontserbatoriotik azaldu dutenez, Ikasketa Profesionaletako goiko mailetako (5.a eta 6.a) ikasleen sorkuntza prozesua sustatu nahi izan da. Sorkuntzaz gain, seigarren mailako ikasleak berak arduratu dira proiektua antolatzeaz. Hartara, ikuskizun bat antolatzeko alderdi guztiak ezagutu ahal izan dituzte: koreografo eta dantzari lanaz gain, jantziak egitea, finantzaketa lortzea, antzerkiko teknikariekiko harremana…

 Musikak eta espazioak sortutako ideiak eta sentsazioak mugimenduaren bidez adieraztea izan zen proiektuaren oinarria. Ondoren, emaitza jendaurrean erakustea oso interesgarria izan zitekeela erabaki zen, eta Ikasketa Profesionaletako 3. eta 4. mailetako ikasleek ere parte hartzea.

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolari ere eskatu zaio laguntza, eta bertako bideo lantegia Selfmade ikuskizunaren entseguetara gonbidatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide