Gasteizen txakurra solte eramateko guneak

Erredakzioa 2016ko mai. 24a, 10:32

Udalaren proposamenaren arabera, txakurrak beti solte eraman daitezke errepide ondoko berdeguneetan, eraztun berdean eta urbanizatu gabeko lursailetan. Hiri barruko parkeetan, aldiz, bakarrik gauez.

Gasteizko Udalak txakurrak solte eramateko lekuak zehazten dituen araudiaren zirriborroa aurkeztu du. Gune hauetatik kanpo, jabeek txakurrak lotuta eraman beharko dituzte. Udalak animalien elkarbizitzarako Elkargunera eraman du proposamena eta hortaz, oraindik onartu aurretik, aldaketak izan ditzake araudiak.

Beti solte

Txakurrak aske joan daitezke beti urbanizatu gabeko udal lursailetan, industrialdeetako berdeguneetan, nekazaritza eremuetan eta seinaleztatutako zenbait guneetan. Aipatutako gune hauek honakoak dira: Forondako ateko erdibitzailea, Sansomendi eta Aranako erraketak, Boulevardeko izkina, Alas eraikineko parkea, Antoniako biribilguneko ingurua, Telesforo Aranzadi, Teodoro Dublang eta trenbidearen ondoko berdeguneak, Mendizabala, Antonio Machado, Jacinto Benavente, Larrein auzoa eta Campo de los Palacios eta Gasteizko mendatearen arteko berdegunea.

Horrez gain, eraztun berdeko zenbait guneetan ere txakurrak aske joan daitezke: Zadorra hiribidea (Gamarra eta Astegieta artean), Tortila mendia, Olarizuko zelaiak, Armentiako zelaiak, Alegria ibaiko parkea, Salburuko kanpoko zelaiak eta Zabalganako Perretxin parkea. Eraztun Berdeko gainerako lekuetan txakurrak aske eraman daitezke, beti ere, Salburua bezalako gune babestuak errespetatuz.

Solte bakarrik gauean

Hiriko beste gune batzuetan ere txakurrak solte eramatea proposatu dute, baina ordutegi bat errespetatuz, hau da, udan 21:00etatik goizeko 09:00ak arte, eta neguan, 20:00etatik goizeko 09:00etara. Hauek dira gune horiek: Judimendi, Molinuevo, Arriaga eta Buradon Gatzaga parkeak, Mariturriko Boulevardea, Kontxeetako parkea, Katedral Berriko lorategiak, Aranbizkarrako parkea, Konstituzio plazako lorategiak, Telesforo Aranzadiko lorategiak eta Musika pasealekua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago