Lindsay Kemp Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian izango da

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko mai. 23a, 18:34

Principal antzokiaren udako programa aurkeztearekin batera, uztailaren 12tik abuztuaren 9ra bitartekoa, Nazioarteko Antzerki Jaialdirako lehen lanak ere ezagutzera eman dituzte.

 

 

 

Gasteizko Nazioarteko 41. Antzerki Jaialdian izango diren bi ikuskizun aurreratu dituzte gaur. Batetik, Lindsay Kemp aktore, dantzari, mimo eta koreografo britaniarrak haren azken lana aurkeztuko du azaroaren 24an. Kemp dances: inventos y reencarnaciones ikuskizuna Gasteizera etorriko da Europako hainbat lekutan egon ostean. Horrez gain, Momix dantza taldearen W Momix Forever lana ikusteko aukera izango dute gasteiztarrek, urriaren 28an eta 29an.

Udazkenean helduko denaren aurrerapen txiki bat baino ez da. Horren aurretik, ordea, udako denboraldia izango da Gasteizko Principalean; uztailaren 12tik abuztuaren 9ra bitartean hamar ikuskizun eskainiko ditu eta besteak beste, komedia, jaietako ikuskizunak eta  XXI. Mendeko Jazza zikloa izango dira protagonistak.

 

XXI.mendeko jazza

Urtero bezala, XXI.  Mendeko Jazza zikloak irekiko du udako denboraldia, Gasteizko Jazzaldiaren barruan. Guztira, bost kontzertu izango dira, jazzeko eta harekin fusionatzen diren beste estilo batzuetako etorkizun handiko musikarien eskutik. Pablo M. Caminero musikari gasteiztarrak emango dio hasiera Gasteizko Jazzaldiaren 40. edizioari, uztailaren 12an. Kontrabaxu-jotzaileak Chris Cheek saxo-jotzailearekin partekatuko du Principal antzokiko agertokia, zikloaren barruan antolatzen duen euskal eta amerikar musikarien arteko Konexioan.

Uztailaren 13an Ximo Tebar musikariaren txanda izango da. Musikari esperimental, progresibo eta berritzaile hori “Mediterraneoko sona” deritzonaren sortzailetzat jo dute. Hurrengo egunean, Gogo Penguin hirukote akustiko eta elektronikoak hartuko du agertokia. Zikloari amaiera emango dio Yaron Hermanz piano-jotzaile israeldarra, uztailaren 15ean. Azkenik, uztailaren 16an, Bird Calls, Charlie Parkerri egindako omenaldia egingo dute. 

 

Euskal Herriko Gazte Orkestra

Uztailaren 19an, beste alde batetik, Euskal Herriko Gazte Orkestrak Gustav Mahlerren 1. sinfonia (Titan) joko du. Izenburuko poema sinfoniko bat sortu zuen hasieran, eta bi zatitan banatu zuen: Gaztaroko egunak eta Giza komedia.

Uztailaren 29, 30 eta 31n, Asier Etxeandia aktore bilbotarrak El interprete XXL ikuskizuna eskainiko du. Madrilen arrakasta handia lortu ondoren, estatuki antzoki garrantzitsuenetatik egingo du bira udan. Zortzi musikarik lagunduko diote abeslariari, publikoarentzat eta publikoarekin batera egindako ikuskizun batean, lotsagabekeria eta gehiegikeria lagun.

 

Gasteizko jaiak

Hiru komediak osatuko dute Andra Maria Zuriaren jaietako antzerki programa. Abuztuaren 4an eta 5ean Goyo Jimenezen Bytheway lana, 6an eta 7an, Daniel Veronesseren Bajo terapia antzezlana, Gorka Otxoa eta Fele Martinezekin, eta azkenik, abuztuaren 8an eta 9an, Pentacion Espectaculosen La velocidad del otoño, Lola Herrera aktore ezagunarekin.

 

Informazio gehiago: Udako programa Principal Antzokian

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide