Zientziak eta garagardoak bat egingo dute Pint of Science jaialdian

Erredakzioa 2016ko mai. 22a, 09:00

Maiatzaren 23tik 25era, hiriko zientzialariek lantzen ari diren ikerketen berri emango diete gasteiztarrei, Ordi Garagardotegian ospatuko den Pint of Science Nazioarteko Zientzia Jaialdian.

Gasteiz prest dago zuritoa eskuan hartu eta Pint of Science jaialdiaz disfrutatzeko. Maiatzaren 23an, 24an eta 25ean, 19:00etatik aurrera, Ordi Garagardotegia (Florida kalea, 39) zientziaz blai egingo da: gure hiriko zientzialariek tokiko erakundeetan lantzen ari diren ikerketen berri emango diete herritarrei, hainbat hitzaldiren bidez.

Zientzia tabernetan

Pint of Science jaialdiaren helburua herrietarren artean zientzia modu dibertigarri eta atseginean zabaltzea da eta horretarako, tabernetan azken ikerkuntza zientifikoen inguruko hitzaldiak eskaintzen dituzte.

Hitzaldietako gaiak askotarikoak izango dira: historia, soziologia, matematika, astronomia, espazioko esplorazioa, kimika, neurologia, farmakologia eta nutrizioa. EHUko eta Iruña-Veleia III Milenio Proiektuko historialariek, kasurako, hizpide izango dute historiak zientziaren esparruan duen dimentsioa eta historiak argitu ohi dituen sekretuak. Bestalde, ingeniaritzaren eta astronomiaren arloko EHUko ikertzaileek unibertsoa interpretatzeko hizkuntzaren (alegia, matematikaren) inguruko bitxitasunak kontatuko dituzte, eta azkenaldian unibertsoa hobeto ulertzeko izan diren berrikuntzez ere arituko dira: grabitazio uhinez, hain zuzen. CIC Energiguneko bi zientzialarik, berriz, azalduko digute sateliteek nola errazten diguten bizimodua eta zein energia iturri ikertzen diren gaur egun. Azken egunean osasuna izango dugu protagonista: hain zuzen ere, EHUko zientzialariek garunaren konplexutasuna jorratuko dute, jateko gogoa, gosea eta asetasuna edota droga mendekotasuna ardatz hartuta.

 Aurten, lehen aldiz ospatuko da jaialdian Gasteizen eta bestelako hiriburuetan ere izango da, hala nola, Coruñan, Oviedon, Gijonen, Santanderren, Logroñon edo Bilbon. Guztira, 60 tabernatik gora, 130 ekitaldi baino gehiago eta 252 zientzialari, herritarrei zientzia hurbiltzeko.

Pint of Science España zientzia dibulgaziorako elkarteak antolatzen du Pint of Science jaialdia (elkarteak Gasteizen du egoitza).  Gasteizen, garagardoaren bi zale amorratu aritzen dira Pint of Science koordinatzen: EHUko ikertzaile bat eta ELIKAko Zaintza Teknologikoko arduraduna.

 

Sarrera doakoa izango da, leku kopurua bete arte.

Informazio gehiago:  Pint os Science

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago