Igandean Biodibertsitatean nazioarteko eguna ospatu da eta horren harira, Irabazi udal taldeak arriskuan dauden espezieak eta hauen habitatak babesteko neurriak hartzeko eskatu dio Udal Gobernuari, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bitartez. Biodibertsitatea Kontserbatzeko estrategiaren arabera, udalerrian mehatxatuta dauden espezien %2,5ak soilik du kudeaketa plana eta momentuz, ez dute arriskuan dauden bestelako espezieak babesteko neurririk hartu. Irabazi taldeak gogorarazi du, aipatutako estrategiaren helburua "udalerrian dauden animalia eta landare espezien guztien biziraupena epe luzera bermatzea" dela.
Konpromisoen basoa kanpaina
Biodibertsitatearen munduko eguna dela-eta, Arabako Foru Aldundiak Konpromisoen basoa izeneko kanpaina abiarazi du. Datorren igandera arte, pagoekin egindako instalazio horrek gonbita egingo die herritarrei zuhaitzen adarretan biodibertsitatearen alde hartuko dituzten konpromisoak zintzilika ditzaten.
Kanpainan herritarren parte hartzea sustatzeko, zozketaz antolatu du sare sozialetan #ArabaNaturala traolarekin konpromisoa zabaltzen dutenen artean. Saria hau izango da: Arabako Errioxan ardo ekologikoa egiten duen upategi bat ikustera joatea eta bertan bazkaltzea, eta, amaitzeko, Guardiako urmaeletako biotopo babestuan zehar ibilbide bat egitea gidari adituekin eta material berezituarekin.