"Barruan duguna ateratzeko aukera emango digu 'Rocky' jaiak"

Anakoz Amenabar 2016ko mai. 18a, 16:48

Esti Alonso –erdigunean, lore sorta eskuan– Malabrigo taldeko kideekin. /Malabrigo

Munduko lau bazterrak bisitatu eta "irauli" dituen 'The Rocky Horror Picture Show' pelikularen ikuskizuna larunbatean helduko da Gasteizko Jimmy Jazz aretora. 

Zinea, antzerkia, musika, kabareta. Horiek eta gehiago batzen ditu The Rocky Horror Picture Show ikuskizunak. Malabrigo Bilboko antzerki taldeak Gasteizera ekarriko du larunbatean, hilaren 21ean, Jimmy Jazz aretora, munduko hiri nagusietan hainbat urtez ibili den ikuskizuna, eta oraindik arrakasta handiz eskaintzen dutena. Rocka, sexua, algara eta beste hainbat osagai bilduko dituen "jai handi bat" izango da, Estibaliz Alonso (Gasteiz, 1979) antzerki taldeko kidearen esanetan.

Zer topatuko du larunbatean 'Rocky' ikustera doanak?

Jendea ez da Rocky-a ikustera etorriko, Rocky-a egitera etorriko da. Guk jai bat prestatuko dugu eta publikoa horren partaide izango da. Parte-hartze eroso bat izango da, dena den, ez daitezela beldurtu, ez baitira ezer egitera behartuta egongo. Aulkitik parte hartuko dute, talde moduan, bertan altxatu, oihukatu eta nahi dutena egingo dute. Nik badiet inbidia pixka bat, egia esan, orain artekoetan oso ondo pasa dutelako. Seguruenik orain arte ikusi ez duten ikuskizun mota bat ikusiko dute.

Zergatik da berezia 'The Rocky Horror Picture Show' pelikula?

Batetik, uste dut bere garaian pelikula iraultzailea izan zela eta oraindik ere badela, zoritxarrez; oraindik planteatzen dituen gai batzuk min ematen digute eta deskolokatzen gaituzte. Eta, bestetik, zoramena da pelikula hau; aurrekoan lagun bat etorri zen entsegura eta ez zekien nola definitu ere: "Baina zer pelikula da hau? barrokoa!". Ondo pasatu eta barruan duguna ateratzeko aukera emango dizu pelikula honek, barruan zenuenik ere ez zenekien hori.

Zuena pelikula baino gehiago da, ordea...

Ikuskizun berezia da. Pelikulak hasiera batean, 1975ean aurkeztu zutenean, ez zuen arrakastarik izan, eta gaueko sesio golfo horietan ematen hasi ziren. Jendeak pantailari hitz egiten zion, altxatu, pertsonaiei oihukatu... eta norbaiti okurritu zitzaion pelikula hori hartu eta beste formatu batean ematea: audience-participation delako ereduan. Gag batzuk errepikatu egiten dira, hainbat esaldi... eta berezko ikuskizuna dakar horrek. Urteekin, ahoz-ahokoaren bitartez, ospetsu egin da mundu guztian eta gaur egun Madrilen, Berlinen, New Yorken eta beste hainbat hiritan ikus daiteke formatu honetan.

Non ezagutu zenuten zuek?

Batzuk aurretik ezagutzen genuen pelikula, baina ikuskizuna egiteko aukera beste lagun batek proposatu zigun. Susana Guerrero aktore eta zuzendaria gure laguna da eta egin genuen aurreko obra ikusi zuen, La fama cuesta; Rocky Euskal Herrira ekartzeko "talde aproposa" ginela esan zigun orduan, hemen egitera animatu gintuen, eta horrela heldu zen gurera.

'Dejen la vasquidad' da ikuskizun hasieran errepikatzen duzuen leloetako bat.

Bai, egunerokoak alde batera utzi eta disfrutatzeko deia da, batez ere. Jolasteko, abesteko, parte hartzeko edota jendea ezagutzeko; zure ondoan dauden ezezagun horiek ezagunak izaten amaitzen dute eta harremanak sortzen dira...

Oparitxo bat ere jasoko du ikusleak.

Bakoitzak poltsa bat jasoko du hainbat tresnarekin. Pelikula hau ikusteko munduan zehar erabiltzen diren objektuak izango dituzte, pelikularen momentu batzuetan erabiltzeko.

Pertsonaien artean, Susan Sarandonek egindako lana egingo duzu...

Bakoitzak bi pertsonaia egiten ditugu taldean eta oraingoan nik hau egingo dut. Lehen aldiz pelikula ikusten dutenek galdetzen dute Susan Sarandon ote den bertan agertzen dena; bai, bera da. Ezkontzear dagoen neska bat da, birjina, gauza gutxi ezagutu eta aurreiritzi ugari dituena; Frank doktorearekin egingo dute topo gazteluan, berak eta haren bikoteak, eta bertan buelta emango diote bere bizitzari.

Pertsonaia ugari arituko zarete taula gainean...

Hamahiru lagun ibiliko gara, agertoki gainean batzuk eta behean beste hainbat.

Eta zeu arabar bakarra taldean.

Bai, patatera bakarra naiz taldean, eta niretzako berezia izango da larunbateko emanaldia.

Noiz ezagutu zenuen Malabrigo?

Antzerki eskola batzuetan hasi ginen, han elkar ezagutu eta lanak antolatzen hasi ginen; antzerkia egiteko gogoz geunden. Ondoren etorri zen konpainia, eta gauza desberdinak landu ditugu tarte honetan, besteak beste, La fama cuesta izeneko ikuskizun bat, Gasteizko Parral tabernara ekarri genuena, eta orain Rocky, kabaret kutsua duen ikuskizuna.

Antzerki zaleak zarete denak?

Denetarik dago taldean, eta alde horretatik ere konpainia berezia gara. Lanbide ugari dago taldean, eta baditugu zaleak direnak eta baita profesionalki beste antzerki talde batzuetan dabiltzanak ere. Nahasketa horrek ekarpen berezia egiten dio taldeari. Oraingoan, esate baterako, zuzendaritza denon artean egin dugu, guztien ekarpenekin; erreferentzia bat izan dugu, baina gure bertsioa egiten saiatu gara, gure "ukitu" bereziarekin. Prestaketa lan luzea eta zaila izan da, baina gauza asko ikasi dugu eta asko disfrutatu dugu.

Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zenuten 'Rocky', iaz.

Bai, bertan aurkeztu eta, ondoren, udazkenean, Campos antzokian izan ginen. Hilabetero behin egin dugu eta harrera oso ona izan da. Ia emanaldi guztietan bete dugu aretoa. Jendea etorri da eta gero eta gogotsuago, gainera; badakigu, adibidez, Gasteizera etorriko direla Bilbon ikusi duten hainbat ere, berriro ikusi eta parte hartzeko gogoz. Orain Euskal Herrian gure "bira" txikia egin nahi dugu; Gasteizen hasi eta ondoren Iruñea eta Donostia ere bisitatuko ditugu, eta aurrerago beste herriren batean egitea ere gustatuko litzaiguke. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago