Mundu mailan oraindik ere aurrerapausoak eman behar direla argi dute Gaztedi errugbi taldeko kideek. Ainhoa Belakortuk, Gaztediko jokalariak eta talde barneratzailearen dinamizatzaileak, eta beste emakumezko dinamizatzaile guztiek, adibidez, ezin izan zuten Mundialean parte hartu, ez baitzituzten onartu. Belakorturen ustez, pauso asko falta dira oraindik emateko berdintasunaren bidean, eta estereotipoak apurtzea beharrezkotzat jotzen du arabarrak: “Jendeak uste du errugbia gogorregia dela neskentzat, mutilen errugbia ikusi dutelako telebistan eta, oro har, komunikabide guztietan. Hau dela eta, estereotipoz bete da kirola, eta estereotipo horiek apurtzea beharrezkoa da berdintasunaren bidean”.
Baina Downen sindromea eta autismoa dutenen integrazioan eredu diren bezala, emakumearen integrazioan ere eredu izan da eta oraindik bada Gaztedi errugbi taldea. 1998. urtean, Jaurlaritzak ematen duen "Emakumearen Integrazioa Kirolean" Emakunde Saria jaso zuten burutu zuten lan bikainari esker, eta gaur egun, gero eta neska gehiago animatzen ari dira errugbian jokatzera, bai kategoria txikietan eta baita senior taldean ere.