Javier Maroto Gasteizko PPko bozeramaileak Twitter bidez adierazi duenez, “San Antonio auziko salaketak ez du ustelkeria aipatzen, ezta legez kontrako edota zigortzeko moduko den ezer ere”. Horrez gain, Marotok Gasteizko alkate Gorka Urtarani PPren izen ona zikintzea egotzi dio, Maroto eta Alonso Valentziako eta Madrilgo PPren jarduteko moduarekin parekatu duelako. Ildo horretan, Marotok EAJri gogorarazi dio Gasteizen De Miguel auziaren baitan 26 alderdikide inputatuta dituela.
Kontu Auzitegiaren epaiaren aurren, PPk horren kontrako helegitea aurkeztuko duela iragarri du.
PPren errekurtsoa inpugnatuko du Udalak
Gorka Urtaranek, berriz, Estatuko Kontuen Epaitegiak eman duen epaia “suntsitzailea” dela esan du, “Alfonso Alonso buru zuen udal gobernuak axolagabekeria larria egin zuela egiaztatu baitu”.
Horrekin batera, Alderdi Popularrak San Antonio kasuko epaiaren kontra errekurtsorik aurkezten badu, Gasteizko Udalak inpugnatu egingo duela iragarri du Urtaranek, “gasteiztarren interes orokorra eta ondarea defendatzeko”.
EH Bilduk Marotoren dimisioa eskatu du
EH Bilduk, aldiz, Javier Marotoren dimisioa eskatu du, baita bizitza politikoa utz dezala ere. “Ustelkeria kasuetan inplikaturik zeudenen kaleratzea eskatzen zuen Javier Maroto” Kontu Auzitegiak zigortu izana salatu du udal taldeak. “Bere mezu arrazista eta xenofoboak Alkate izateko ezgaitu zuen. Gaurko epaiak zinegotzi izateko ezgaitu du”, adierazi du EH Bilduko bozeramaile Miren Larrionek.
PSE udal taldeko bozeramaile Peio Lopez de Munain pozik agertu da auzitegiaren epaiarekin, “arrazoia eman digulako eta azken hilabeteetan salatzen egon garena baieztatu duelako, hots, Javier Marotok eta Alfonso Alonsok gasteiztarren interesen aurka jokatu zutela”. Horregatik, egin behar duten lehenengo gauza gasteiztarrei barkamena eskatzea dela gaineratu du.