Krisia aitzakia bezala hartuta, 2011. urtetik udalaren politika sozialak murrizketak jasan izan dituztela gogorazi du gaur goizean Eskubide sozialen aldeko plataformak Plaza Berrian egin duen agerraldian. Horrekin batera, krisia bera laguntza sozialak jasotzen dituzten pertsonak "estigmatizatzeko" erabili dutela adierazi dute plataformako bozeramaileek. 2015eko ekainean Gasteizko udalean gobernu aldaketa egon zela gogorarazi du. "Helburua argia zen, baliabide sozialen erabiltzaileen estigmatizazio eta humilaziora bideratuta dauden, klasista eta arrazistak diren politika sozialekin bukatzea".
Urte bat eta gero, aldaketarik ez
Izan ere, erakundeetatik egin diren adierazpenak "politikikoki zuzenak" izan direla onartu arren, urte bat pasa ondoren aldaketarik egon ez dela salatu dute eta "PP egondako urteetan egindako aldaketak berdin jarraitzen dute". Horren aurrean, udalaren politika sozialetan "aldaketa sakon bat" egiteko eskatu du Eskubide sozialen aldeko Gasteizko plataformak, "behar sozialak erdigunean jarriz eta zerbitzu sozialetara doan jendearen kriminalizazioarekin bukatuz".
Besteak beste, azaroan, PP, EAJ eta PSE udal taldeek Arabako enpresariekin Jarduera Ekonomikoaren Zerga %50era jeistea adostu zutela salatu du plataformak. "Akordio honekin Gasteizko Udalak 7 milioi euro gutxiago jaso zituen. Behar sozialetarako dirurik ez dagoela aitzakitzat jartzen dute, baina dirurik ez dago EAJk PP, PSE eta SEArekin akordio hori sinatu zuelako".
"Erabat ulertezina da, murrizketa hauekin ez bukatzea, eta jendeak dituen beharrak ase gabe geratzea, batez ere hiru erakundeak EAJren gobernuaren menpe daudela kontuan izanik. Dituen ardurei uko egiten die, erakundeen arteko konpetentzien gatazka argudiatuz".