Dilistak gosaltzeko

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2016ko mai. 16a, 16:20

Jon Gilen marrazkia

"Atzo nahi ez genuen dilista platera izaten jarraitzen dute"

Topiko galanta dirudien arren, seguru batek baino gehiagok bizi izan duela egoera hau umetan edota gaztetan: eguerdian etxera iritsi eta… Dilistak bazkaltzeko! Amorrualdia harrapatu eta uko egin hori jateari. Gogoz kontra pare bat goilarakada irentsi eta hantxe utzi platera. Horrek, ordea, izan ohi zuen bere ondorioa. Afaltzeko, dilistak. Eta horri ere ezezko biribila emanez gero, hurrengo goizean, dilistak gosatzeko! Nork pentsa dezake bazkaltzeko nahi ez duguna gosaltzeko nahi izango dugula gero? 

Hori bera gertatzen da gainera datozkigun hauteskude berriekin. Azkeneko bozketaren emaitzekin ezin izan dute Gobernurik osatu, eta bakean bizitako hilabete batzuk pasata, berriro egin omen dute hauteskundeetarako deia. Halaber, hautagaiak ez dira aldatu, hau da, atzo nahi izan ez genuen dilista platera izaten jarraitzen dute. Herritarrei paradisua zin egin baina dirua paradisutan gordetzen duten horiek. Demokrazia saldu eta inposaketaren berokia jazten duten horiek. Haien handikeriarekin suntsitsu nahi gaituzten horiek, hain zuzen ere. 

Hautagai berberak, programa berberak, helburu berberak, baina hauteskunde berriak. Zaharrak berri. Déjà vu. Emaitza ezberdinak nahi badituzu, ez jarraitu gauza bera egiten, esan zuen Einsteinek. 

Ez dugu dilistarik nahi, ez bazkaltzeko, ez afaltzeko, ez eta gosaltzeko ere! Bitartean, ahal dugula, txoko txiki honetatik, jarraituko dugu indarra egiten, haien sukaldeko menuari muzin egiten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago