Santa Luzia LHIan teilatua berritzeko lanak eta Haurtzaro haur eskolan jolastokia eraberritzeko lanak kontratatzea onetsi du gaur goizean Udalak. Federico Baraibar kalean kokatzen den Santa Luzia LHIrako 85.736 euroko aurrekontua aurreikusi da teilatuan orain dagoen estalkia kendu eta plaka asfaltikoa jartzeko. Horrez gain, zenbait konponketa egin eta elementu berriak jarriko dituzte. Hilabeteko epea izango da lanak gauzatzeko.
Santa Maria kantoian dagoen Haurtzaro haur eskolan, aldiz, jolastokia eraberritzeko aurrekontua 70.473 eurokoa da; zoladura guztiz berrituko da, desnibelak kenduz, barandak kenduko dira, jolasak lekuz aldatuko dira, eta ura biltzeko sistema ere aldatuko da, besteak beste. Kasu horretan 45 egunekoa izango da gauzatzeko epea.