"Ipuinekin leihotxo bat bilatu nahi dut, izpi berri bat bilatu"

Anakoz Amenabar 2016ko mai. 12a, 16:26

Hainbat urte egin zituen Euskaltzaindian lanean, baina haren afizioak harrapatuta arte eszenikoetara egin zuen jauzi Itziar Rekaldek; itsasotik jasotakoak bildu ditu 'Ardorien' azken lanean.

Udaberria da, bokarta sasoia, eta Itziar Rekalde (Bermeo, 1955) astero bueltatzen da sorterrira, baporak eta antxoa kutxak portura nola heltzen diren ikustera. Itsasoa bidelagun du, Gasteizen dozenaka urte egin dituen arren. Kontalaritza du ofizio eta afizio, eta hari ere, noski, kresal usaina dario. Ardorien arrantza egiteko teknika izan du azkeneko lanean inspirazio iturri.

Nola egiten zuten arrantza, 'ardorien'?

Nik Bermeon ezagutu nuen baina uste dut kostalde osoan izan zela arrantza egiteko modu hau. Gau ilunetan, ilargi gabeko gauetan hain zuzen, harri txikiak botatzen zituzten uretara eta horrek erakartzen zituen antxoa multzoak, eta azaleratzerakoan izugarrizko argitasuna ematen zuten. Oso polita da. Arrantzaleek orduan aprobetxatzen zuten arrantza egiteko. Hori da ardorien egotea, bete-betean egotea, zure osotasunean. Gainera, edertasuna ematen duzu inguruan.

 

 

Arriskutsua ere bada.

Hilzorian zaude. Oso hauskor zaude. Arrantzaleak inguruan badaude ez daukazu zer eginik, edo agian zortea izango duzu; baina, nahi eta nahi ez ardorien jarriko zara hurrengo batean ere, hori delako zure izaera. Arriskatu egin behar gara eta askotan pelagikoak garenok ez daukagu aukerarik. Uste dut ia denok garela pelagikoak, baina batzuk oso goiz ikasi dute izkutuan gordetzen, eta besteok ez dugu ikasi eta alde guztietatik jasotzen dugu.

Askotan jartzen zara 'ardorien'?

Niri barruko lana egitea gustatzen zait, baina gero kanporatu egin behar dugu, azaldu. Eta azaldu behar dudanean beti nago krisian, dudan, niri gustatzen zaidana ez ote den lerdokeria bat, ea zerbaiterako balio duen... hausnarketa horiekin nenbilela eskatu zidan lan bat Elisa Ruedak, Poetak Maiatzean egitasmoko zuzendariak, eta aurrera egin nuen Ardorien ikuskizunarekin. Hitza bera ere ederra iruditzen zait. 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 60. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago