Gaurtik aurrera, gasteiztarrek datorren urteko aurrekontuetarako proposamenak aurkezteko aukera izango dute, udalaren eskumeneko edozein arlotan. Ekainaren 3ra arte jasoko ditu Udalak herritarren proposamenak, online edo herritarrei laguntzeko bulegoetan.
Izan ere, gaur abiatu da Gasteiz Hobetuz programa, eta horren bitartez, herritarrek hiri proiektuak proposatu eta bozkatuko dituzte, eta udal baliabideen zati baten erabilera lehenetsiko dute. Lehen esperientzia hori abiapuntutzat hartuta, Gasteizen agintaldi honetan aurrekontu parte-hartzaileen metodologia behin betiko finkatu ahalko da.
Gainera, Udalak aholkularitza eta lantegiak eskainiko ditu egun hauetan, behar izanez gero proposamenak lantzen eta aurkezten laguntzeko. Maiatzean, Udalak zenbait gune egokituko ditu gizarte etxeetan, interesdunek proposamenak lantzeko informazioa, aholkularitza eta laguntza jasotzerik izan dezaten.
Proposamen bakoitzean alderdi hauek zehaztu beharko dira: aurkezten dutenen identifikazioa, sinaduraren eta NANaren zenbakiaren bitartez (adingabeak badira haien tutoretza duten helduenak); proposamenaren eremua; justifikazioa; Udalari eskatzen zaionaren deskribapena; proposamena gauzatuz zein emaitza lortu nahi den; nortzuk izango diren onuradunak eta zein onura lortuko duten.
Proposamenek interes orokorrekoak izan beharko dute, eta ezingo dute merkataritza edo publizitate helbururik izan. Inbertsio-proiektua izango da, ez dagoen zerbitzuren bat sortzeko, dauden zerbitzuak hobetzeko, espazio publikoan inbertitzeko, erabilera publikoko espazio berriak sortzeko, etab.
Herritarrek 3 milioi euroren erabilera erabakiko dute
Udalak adierazi duenez, herritarren boto gehien lortu duten proposamenak abian jarriko dira, 3 milioi euroko aurreikusitako aurrekontua agortu arte ; gutxienez 6 proposamen izango dira, proposamen bakoitzak gehienez aurrekontu osoaren % 15 jaso ahalko baitu.