Gasteizko jaietako txupinazoa nork botako duen, urtero Udaleko alderdi batek erabakitzen du, txandaka. Aurten, EH Bildu koalizioari egokitu zaio txupineroa aukeratzea, eta erabakia gasteiztarren esku uztea erabaki du. Horretarako, gaurtik aurrera Gasteizko EH Bilduren webgunean txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak bozkatzeko aukera egongo dago. Ondoren, boto gehien jaso dituzten bost hautagaien izenak ezagutzera emango ditu datorren maiatzaren 14an, larunbatean, 9.30etatik aurrera, Aldabe gizarte etxean egingo duen eztabaida-jardunaldi irekian.
Horren ostean, bost proposamen horien artean bozkatzeko epea zabalduko dute, zehazki, maiatzaren 16tik 19ra. Orduan, jakingo dugu nork jaurtiko duen 2016ko Gasteizko jaien txupinazoa.
EH Bilduko bozeramaile Miren Larrionek azaldu duenez, edozeinek egin dezake bere proposamena, hautatua izateko arrazoiak azalduz. Ondoren, hautagai guztiak banan banan aztertuko dituzte eta honako irizpide hauek kontuan hartuko dituzte: "zenbat aldiz proposatu duten, azken urtean nabarmendu izana, irabazi asmorik ez izatea eta kultura, genero berdintasuna, aniztasuna, euskara, gizarteratzea bezalako baloreak sustatu izana".