Gasteizko Udalak herritarren proposamenak kontuan hartu nahi ditu datorren urterako aurrekontuaren zati bat zertan inbertitu definitzeko. Vitoria-Gasteiz hobetuz programaren bidez, Udalak herritarren esku utziko du 2017ko aurrekontuaren zati bat; maiatzaren 9tik ekainaren 3ra arte aurkeztu ahalko dituzte proposamenak.
Bestetik, Herritarren Partaidetza Sailak Vitoria-Gasteiz. Zeure baitan informazio-kanpaina abiatu du, gasteiztarrei proiektuak nola aurkez ditzaketen azaldu eta horretan laguntzeko. Besteak beste, atal berezia sortu du udalaren webgunean eta gizarte etxeetan eskura jarri ditu eskuorriak.
Gainera, Udalak lantegiak eskainiko ditu gizarte etxeetan, proposamenak bideratzeko laguntza behar dutenentzat.
Edonork aurkez dezake hiria hobetzeko proposamenen bat, ez du axola ez adinak ez nazionalitateak eta norbanakoek zein elkarte edo taldeek aurkez ditzakete.
Udalak bi bide eskaintzen ditu proposamenak aurkezteko: online, udalaren web-orrian dagoen formularioa betez, edo aurrez aurre, gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetako batean, formularioa aurkeztuz. Azken kasu horretan, proposamena osatzeko argazkiak, marrazkiak edo planoak erantsi ahalko dira.
Proposamenak jaso ondoren, ekainean eta uztailean, udal sailetako teknikariek aztertuko dute proposamena onartu daitekeen. Baldintza hauek bete beharko dituzte proposamenek: interes orokorrari begiratzea, udal eskumenekoa izatea, aurreikusitako aurrekontua ez gainditzea eta bideragarria izatea.
Irailean ezagutaraziko ditu Udalak proiektu bideragarriak. Irailaren 26tik urriaren 8ra arte, gasteiztar orok gehien konbentzitu dituzten hiru proiektuak bozkatu ahalko dituzte, udalaren web-orrian zein herritarrei laguntzeko bulegoetan.
Emaitzak kontuan izanik, Udalak hiri proiektuen zerrenda bat osatuko du, eta 2017ko udal aurrekontuan sartuko ditu, gehienez ere 3 milioi euroko kopururaino.