Trafiko astuna Arkaiatetik ateratzeko eskatu dute bizilagunek

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko api. 27a, 11:45

Irudia: @RotondaArkaiate

Egunero, 700 kamioi inguru pasatzen dira auzotik eta trafiko astuna murrizteko proposamena aurkeztu dio Salburua Burdinbide auzo elkarteak Aldundiari.

Salburua Burdinbide auzokideen elkarteak Arkaiatetik pasatzen den trafiko astuna murrizteko eskatu dio Aldundiari. Horretarako, N-104 eta A-132 errepideak (Lizarrarako bidea) lotzen dituen bidegurutzea berriz ere zabaltzeko eskatu dio, bertatik trafiko astuna eta merkantzia arriskutsuak igarotzeko. Elorriagako bidegurutzea zabaldu zenetik, mota hauetako ibilgailuak sartzen dira hirira eta horrek eragozpenak sortzen dizkie bizilagunei.

N-104 errepidetik Lizarrara abiatzen diren kamioiak aipatutako Elorriagako bidegurutzeraino  joan behar dira; ondoren Brusela Hiribidetik zehar, Arkaiateko bidegurutze berrira abiatu behar dira, hortik A-132 errepidea hartzeko. Kontrako norabidean, ibilgailuek egin behar duten bidea berdina da. Kontuan hartuta, Arkaiateko bidegurutzea errepide zaharretik oso gertu dagoela, auzokideek bertan irteera berri bat zabaltzea proposatu dute, modu honetan, kamioiak N-104etik A-132ra pasako dira, hirigunean sartu gabe. Horrez gain, aldaketa honi esker, Gasteiztik A-104 errepidera abiatzen den trafiko arinak Elorriagatik igarotzea saihestuko luke.

Salburuko auzokide batek trafikoa hobetzeko proposamen hauek eta trafikoaren egungo egoeraren inguruko datuak biltzen dituen txostena egin du eta hau da foru erakundeari auzo elkarteak entregatuko dion dokumentua. Txostenak azaltzen duen moduan, Arkaiateko biribilgunean eraiki aurretik, bertatik ez zen ia trafiko astunik pasatzen. Egun, ordea, egunero 677 kamioik zeharkatzen dute hiriko gune hau. Ibilgailu arinen trafikoa ere areagotu dela dio txostenak.

Auzokideen proposamenari esker, kamioien trafikoa desagertuko litzateke Elorriagatik eta ibilgailu arinen trafikoa egunean 12.793tik 7.852 ibilgailura murriztuko litzateke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago