Adurtzako bizilagunak kezkatuta, tranbiarekin aparkalekuak galduko dituztelako

Erredakzioa 2016ko apirilaren 26a

 Ana Oregi sailburuak, Gorka Urtaran eta Ramiro Gonzalezekin batera, tranbia unibertsitateetaraino luzatzeko proiektuaren lehen zirriborroak aurkeztu zizkien atzo  Gasteizko hegoaldeko auzokideei.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik tranbia unibertsitateetaraino luzatzeko proiektuaren lehen zirriborroak aurkeztu zizkien atzo arratsaldean Gasteizko Adurza eta San Kristobal auzoetako bizilagunei, hiriko mugikortasun berriaren harira. 150 pertsona inguru hurbildu ziren Hegoalde gizarte-etxean egin zen ekitaldira garraio publikoari eta pribatuari buruzko iritziak emateko. Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez ere izan ziren bertan.  

Besteak beste, tranbiaren luzapena unibertsitateraino eta BTR autobus azkarra izan zituzten hizpide eta bi auzo hauetako bizilagunen kezkak agerian geratu ziren. Batetik, tranbiaren luzapenaren ondorioz 192 aparkaleku galduko direla kritikatu zuten auzokideek. Zarata eta gune berdeen desagerpena ere aurkitzen dira inguruko bizilagunen arduren artean.

Erakundeek gisa horretako topaketak Salburua eta Zabalgana auzoetan egitea aurreikusten du.

Zarata erdigunean

Ildo horretan, herritarren plataforma berria eratu da erdigunean, tranbia erdigunetik igarotzea kritikatzen duena. Izan ere, erdigunean zarata ekiditeko, tranbia unibertsitatera Trianetako zubitik eraman beharrean, Gasteiz hiribidetik eramatea proposatzen du. Horrez gain, Eusko Legebiltzarretik Angulema kaleraino doan tranbiaren ibilbidea kentzea proposatu du plataforma berri honek; batetik, oinezkoentzat ez delako guztiz segurua, eta bestetik, zarata eta zikintasuna eragiten duelako.

Proposamen hauen aurrean, tranbia Trianako zubitik pasatzea garrantzitsua dela azpimarratu zuen Oregik, kontuan hartuta, trenbidea urte askotan bere horretan mantenduko dela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago