LGTBIfobiaren kontrako eguna ospatuko du Gasteizek

LGTBIfobiaren kontrako eguna ospatuko du Gasteizek

Gaur, maiatzaren 17an, Lesbo-Gay-Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da eta  transexual, lesbiana, gay, bisexual eta intersexualenganako errespetua aldarrikatzeko jarduerak antolatu dituzte.

1990eko maiatzaren 17an gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori izan zen lehen urratsa, sexu-joera eta -identitatea onartuak izaten has zitezen, gizarteen berezko aniztasunaren baitako gisa. Ildo horretatik aldaketa eta aurrerapen ugari gertatu badira ere, transexual, lesbiana, gay, bisexual eta intersexualek (LGTBI)  diskriminazioa, estigmatizatzea eta bortizkeria jasaten jarraitzen dute.

Hainbat ekitaldirekin ospatuko du Udaleko Berdintasun Zerbitzuak data hori, LGTBfobiaren kontrako borrokan ahaleginak egiteko asmoz, kultura, hezkuntza, entretenimendua eta ezagutza baliatuz aniztasunarekiko errespetua sustatzeko.

Hitzaldia

Batetik, 'Transgeneroak: teoria feministentzako erronkak'  hitzaldia izango da Montehermoso kulturunean maiatzaren 11n, 19:00etan, Cristina Garaizabal Elizalderen eskutik —aktibista feminista eta prestakuntza psikoanalitikoko psikologo klinikoa, eta sexu-aniztasunarekin eta generoarekin zerikusia duten arazoetan aditua—. Inmaculada Mujika Flores izango da moderatzailea, Aldarte / Lesbianei, gayei eta transexualei arreta eskaintzeko zentroaren sortzaile-kidea eta zuzendaria. 

Zinema

Maiatzaren 16an, 18an eta 20an, zinema-erakustaldiaren egoitza izango da Montehermoso. 18:30etik aurrera izango dira emanaldiak, eta film hauek eskainiko dira: Closet monster, ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin; Pojkarna, suedieraz, gaztelaniazko azpitituluekin, eta Sangailés Vasara, lituanieraz, gaztelaniazko azpitituluekin.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide