Salburuan "Euskaraz bizi" horma-irudia margotu dute

Itsaso Estarrona 2016ko apirilaren 23a

Argazkia: Sarburu elkartea.

"Salburuan euskaraz bizi nahi dugu" leloa margotu dute gaur goizean Salburua Bulebarreko dorre gorrian, Sarburu euskara elkartearen eskutik; hirurogei pertsona bildu dira inaugurazio-ekitaldian. 

Asteak zeramatzan beltzez margotuta, murala margotzeko prest, Salburua Bulebarra kaleko 9 eta 11 zenbakien arteko lonjaren paretak. Gaur iritsi zaio kolorez betetzeko eguna: auzoko Sarburu euskara elkarteak horma-irudia margotu du goizean zehar, "Salburuan euskaraz bizi nahi dugu" lelopean.

Behin amaituta, margolanaren inaugurazioa ospatu dute bertartutako hirurogei lagun inguruek; txistulariek girotuta, topa egin dute, eta ondoren inaugurazio-zinta moztu du Sarburu elkarteko Aritz Sukia kideak: "Modu xumean bada ere, Salburua auzoan euskararen alde lanean dihardugu Sarburu elkartean, urrats txikiak eginez; eta gaurkoa urrats horietako bat da", adierazi du. 

Adin guztietako auzokideak eta Gasteizko beste txoko batzuetako euskaltzaleak bildu dira horma-irudiaren estreinaldian; udal-gobernutik, Iñaki Prusilla kultura-zinegotzia bertaratu da, eta auzo-elkartetik, Joseba Martinez de Guereñu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago