San Prudentzio jaietan ezin daiteke musikarik falta eta, danborrada taldeekin batera, fanfarreek ohorezko lekua dute egun hauetan Arabako lau bazterretan. Ia 40 urte egin ditu Richar Uraldek Ezberdinak fanfarrearekin kaleak astintzen eta aurten ere kalerik kale ibiliko da haren klarinetearekin. Gaur ekingo diote ospakizunei Arabako Fanfarre Egunarekin eta etenik gabe arituko dira hurrengo egunetan ere.
Hasieratik izan zara Ezberdinak fanfarrean. Nolakoa izan da ibilbidea?
Nahiz eta aurretik ere aritu ginen, modu ofizial modura 1980an sortu zen fanfarrea, Ezberdinak herri musika elkartea izenez, Arabako blusa kuadrilla eta txistulari batzuen ezinegon musikalak bultzatuta. Musikazale elkarte bat sortzeko asmoarekin elkartu ziren eta halaxe sortu zen ondoren fanfarrea; ni Batasuna fanfarrean hasi nintzen, baina kide gutxi batzuk geratu ginen eta elkartzea erabaki genuen. Sortu zenetik, urte hauetan guztietan aldaketa asko izan ditu Ezberdinak-ek baina oinarrian berdina izaten jarraitzen du.
Zure ustez, zer garrantzi dute fanfarreek festetan?
Uste dut ezinbestekoak direla. Gure folklorea oso lotuta dago fanfarreekin. Gaur egun txaranga gehiago daude baina guk fanfarrea defendatzen dugu, tradizioz garrantzitsuagoa delako. Dena dela, bata zein bestea, musika ezinbestekoa da edozein ospakizunetan, eta nik behintzat faltan botatzen dut ez badut entzuten.
Zergatik da berezia Ezberdinak?
Batetik, Euskal Herri mailan txistua eta gaita taldeak elkartzen dituen fanfarre bakarra delako. Eta, bestetik, irabazi asmorik ez dugulako. Lortutako diru apurra elkartearen ekintzetarako bideratzen dugu, instrumentuak konpontzeko edota lokalen mantenurako.
Belaunaldi gazteek parte hartzen al dute?
Pena bat da gaur egun gero eta fanfarre gutxiago dagoelako, eta gazteen erreleborik ere ez dagoelako. Fanfarreak zahartzen ari dira, hori hala da. Gogoan dut duela urte batzuk Batasuna fanfarrean nengoenean askoz gehiago jotzen zela, musikariak etengabe zebiltzan batetik bestera; Arabako Errioxa osoko herrietara joaten ginen astero jotzera. Batzuetan goizeko bostetan heltzen ginen etxera, arropa aldatu eta berriro beste herri batera joaten ginen segituan.
Eta zein da Ezberdinak fanfarrearen sekretua, hainbeste urtez jarraitzeko?
Filosofia kontua dela uste dut. Gaur egun gazteen fanfarre gehienek kobratu egiten dute, eta ondo iruditzen zait diru pixka bat irabaztea lan honengatik, baina egia da dirua tartean sartzen denean gauzak beti txarto ateratzen direla, eta zenbait kasu ezagutzen ditugu gure inguruan. Gure kasuan dirua lortzen badugu, zerbait ordaintzen badigute, denon arteko afaria eginez gastatzen dugu. Hori uste dut neurri ona dela hainbeste urtez elkarrekin egoteko, eta hasieratik garbi uzten dugu: sartzerakoan diru gabe sartzen gara eta irteterakoan ere diru gabe joango gara. Afaltzeko eskubidea duzu, lokalak eta instrumentuak erabiltzeko eskubidea, baina ez da dirurik banatuko kideen artean. Ia 40 urte daramagu elkarrekin eta beste hainbeste egitea espero dugu, afizio kontua da.
Nola bizi dituzue San Prudentzio jaiak fanfarrean?
Guk beti bizi izan ditugu jaiak fanfarrean, jaiaren barru-barrutik. Eta uste dut kanpotik bizi dutenek bezain ondo bizitzen dugula, bertako abestiak joz eta lagun artean ospatuz, gogoz egiten dugu eta hori nabari da taldean. Arabako Fanfarre Egunarekin hasten ditugu egun hauetako ekitaldi nagusiak eta hortik aurrera, festarik festa.
Zeintzuk dira abestirik arrakastatsuenak?
Ekitaldien araberakoa izaten da, baina Arabako folklorea da gure ardatza eta hor egiten dugu esfortzu guztia. Baina, noski, bestelako erritmo eta estiloei uko egin gabe. Gehien bat kalejirak, arin-arinak eta halakoak jotzen ditugu baina, ekitaldia eta orduaren arabera, rocka edo pasodobleak ere jo ditzakegu.
Aurrerantzean, non izango zarete?
San Prudentzioko danborrada izango da gure hurrengo saioa eta, ondoren, herriz herriko egitarau betea dugu, Araban eta baita hemendik kanpo ere.