Aylan umearen argazkiak mundua astindu zuen irail hasieran, eta geroztik milaka errefuxiatu heldu dira Europako kostaldeetara. Aste honetan bertan ehunka lagun hil dira Mediterraneoan, eta herritarren sumindura "baretu" ez ote den zalantza du Iker Tapiak (Santurtzi, 1978). Greziako Chios uhartean lanean dabilen Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) gobernuz kanpoko erakundearekin bertatik bertara ezagutu du tragedia, Gasteizko beste hainbat suhiltzailerekin batera, eta hori ikusarazi nahi du orain. Albistegietako zifra dantzaren artean, bertako lekukotasuna ekarri du Gasteiz Irekia jardunaldietara.
Chios uhartera doazen errefuxiatuentzako lehenengo laguntza da SMH erakundeak ematen duena.
Hala da. Uretan duten lehenengo laguntza guk ematen diegu, eta zonalde seguruetara eramaten ahalegintzen gara. Distantzia txikia da Turkia eta Chios artekoa, sei bat kilometrotakoa, baina egoeraren arabera asko aldatu daiteke erreskatea. Zonalde labartsura heltzen direnean, esate baterako, dezente zailagoa da ongi egitea. Eta kontuan izan guk ezin ditugula errefuxiatuak gure txalupara igo, legez, baldin eta ez bada premiazkoa; txalupak jendez gainezka heltzen dira, eta gauez gehienetan.
Urtarrilean izan zinen hiru astez. Asko aldatu al da egoera geroztik?
Gu heldu ginenean bata bestearen atzetik heltzen ziren txalupak, kaosa zen hura. Antolatzeko tarte bat bilatzea ere zaila zen, iritsi eta segituan lanean geundelako. Europa eta Turkiaren akordioaz geroztik, dezente jaitsi da txalupa kopurua, azken astean pare bat baino ez dira heldu. Orain prebentzio lana egiten ari da gure taldea batik bat, txaluparen bat edozein momentutan agertu daitekeelako. Momentu honetan, bide "naturalean" kontrol izugarria dago eta ez horrenbestekoa arriskutsuagoa den bideetan; Samosen, esaterako, sei lagun hil dira aste honetan. Jende hori nahi eta nahi ez aterako da, eta horretarako ahal duten bidea topatuko dute.
*Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 57. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.