30 konpainia izango dira asteburuan Kaldearten

Erredakzioa 2016ko eka. 7a, 12:25

Pez Limbo konpainia gasteiztarra iazko Kaldearten.

Aurtengo berritasunen artean, Pez Limbo konpainia gasteiztarrak Santa Isabel hilerrian egingo duen esku-hartzea eta karpako zirku ikuskizuna izango dira. Ostegunetik igandera bitartean ospatuko da.

Kaldeartek, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiak, XI. edizioa ospatuko du aurten, ekainaren 9, 10, 11 eta 12an. Aurtengo edizio honetan 30 konpainiek, 46 emanalditan, beren ikuskizunak (formatu handi, ertain eta txikikoak) erakutsiko dituzte.

Horietatik bost ikuskizun erabateko estreinaldia izango dira kalean, eta horietako zenbait Kaldearteren laguntzarekin ekoitzi dira. Konpainien jatorriari dagokionez, Gasteizko 5 konpainiak, Euskal Herriko 9k, Espainiako 8k eta atzerriko 8k hartuko dute parte.

Lurrak izango da inaugurazio ikuskizuna ekainaren 10ean, ostiralean, 22:30ean, Foru plazan. Adin guztietarako zirku garaikideko ikuskizuna da, oso-osorik Euskadin sortua, Gasteizko KaldeArte eta Bilboko Kalealdi jaialdiek ekoitzirik.

Orobat, lehenengo aldiz karpako zirku ikuskizun bat eskainiko du Kaldeartek. Bazar Forain konpainia frantziarraren Delirium Saga Circus ikuskizuna da, helduentzat; ekainaren 9, 10 eta 11n izango da, gauez, Musikaren ibilbidean.

Antzerkia hilerrian

XI. edizioaren beste berritasun bat Santa Isabel hilerrian egingo den esku-hartzea da: Pez Limbo konpainia gasteiztarrak jaialdirako berariaz sortutako lana da, eta kaleko arteen alorrean dabiltzan beste 4 konpainiek ere hartuko dute parte. Ekainaren 9an eta 10ean izango da.

 

Egitarau osoa: KaldeArte 2016

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago