Gasteizek Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko du asteburuan

Itsaso Estarrona 2016ko api. 19a, 13:11
Argazkia: Miren Palacios

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, hitzorduz beteta dator asteburua Plaza Berrian, Artiumen, Sonora tabernan eta Montehermoson. 

Apirilaren 23 batean hil ziren Cervantes, Shakespeare eta Garcilaso de la Vega. Data hori egiaz zehatza ez den arren, egun hori aukeratu zuen Unescok 1995ean Liburuaren Nazioarteko Eguna ezartzeko. Eta, urteurren hori ardatz, hitzorduz beteta dator asteburua Gasteizera. 

Arte Garaikideko Artium zentroak ostiralerako antolatu ditu hitzordu nagusiak. Liburu-erakusketa bat irekiko du eguerdian eta, jarraian, irakurketa-maratoi bat abiatuko du, arte eta kultura garaikideko testuak oinarri. Arratsaldean musikak hartuko du museoa, jazz doinuak eta Jorge Luis Borgesen testuak tartekatuz. Horrez gain, bookcrossing kanpaina abiatu du. Gertu, Montehermoson, zinema-funtsen erakusketa eta zinema-ziklo bat antolatu dute, besteak beste. 

Gasteizko Udalaren egitarauaren baitan, era berean, hitzordu bat dago larunbat honetarako: Erdi Aroko Maldad y picaresca erromantzea antzeztuko dute Arriaga gizarte etxeko liburutegian. Bestalde, autoekoizpenak bere tartea izango du: Sonora tabernan fanzineen eta autoedizioaren azoka antolatu du Ilustrapados elkarteak, hainbat tailer, hitzaldi eta kontzerturekin.

 

HITZORDUAK

Plaza berria

     Liburu-azoka: larunbat eta igandean, goizez eta arratsaldez.

Sonora taberna

     Fanzine eta autoekoizpenaren azoka, Ilustrapados elkarteak antolatuta. Tailerrak, hitzaldiak eta kontzertuak.

Arriaga gizarte etxea

     Antzerkia: Maldad y picaresca erromantzearen antzezpena, apirilak 23 (larunbata), 19:00etan. Julia Vadillo eta Poetas sin Generación talde gasteiztarraren eskutik.

Artium

     Liburu-erakusketa: Kirola artearen ikuspuntutik erakusketren irekiera, apirilaren 22an (ostirala), 12:00etan.  Jarraian, irakurketa-maratoia. 

     Musika eta irakurketa: Jazz kontzertua Gasteizko Kontserbatorioko ikasleen eskutik, Jorge Luis Borgesen testuekin lagundua. Apirilak 22 (larunbata), 19:30ean.

     Bisita gidatuak: liburu-erakusketa eta liburutegia ezagutzeko bisita, 12:0ean eta 18:30ean. 

     Bookcrossinga: Artiumek eta estatuko beste 50 museok milaka liburu jarriko dituzte nahi dituenaren esku.

     Mailegu sorpresa: erabiltzaileek liburu sorpesa bat hartu ahal izango dute maileguan, "itsukako hitzordu" batean.

     Ikusi Artiumen egitarau osoa.  

Montehermoso

     Maiatzaren amaiera arte: Zinema-funtsen erakusketa. 

     Zinema zikloa: Maiatzaren 4an (asteazkena), 19:00etan, Qué bello es vivir. Maiatzaren 19an (osteguna), 19:00etan, Eva al desnudo

     Ikusi Montehermosoren egitarau osoa

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide