Hiriko gune ezberdinetan informazio turistikorako puntuak jartzea proposatu du PSEk

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko api. 19a, 12:01

Gasteizko turismo bulegoa bisitari gehien dituen egunetan arintzea da asmoa, besteak beste, aurreko Aste Santuan sortu ziren turista ilarak ekiditeko.

PSE-EE udal taldeak hiriko leku ezberdinetan informazio turistikoa emateko behin behineko puntuak jartzea proposatu du, Gasteizko turismo bulegoak bisitari asko jasotzen dituen egunetan arintzeko. Izan ere, aurreko Aste Santuan informazio eske hurbildu ziren turisten ilara luzeak sortu ziren Plaza Berrian kokatuta dagoen bulegoan.

Talde sozialistak proposatzen dituen gune berri hauek hiriak bisitari gehien jasotzen dituen egunetan egongo ziren zabalik, hala nola, Aste Santuan, abuztuan eta Abenduko zubian. “Turista asko dauden lekuetan koka daitezke, adibidez, Santa Maria katedralaren ondoan, Floridako parkea, Andre Mari Zuriaren plazan edo autobus geltokitik gertu”, zehaztu du PSE-EE taldeko bozeramaile Peio Lopez de Munainek. Horrekin batera, kalean argibideak emango dituzten ondo identifikatutako langileak jartzea proposatu du PSEk, informazio puntu hauen osagarri gisa.

Orain hilabete batzuk, Udal Gobernuak turismo bulegoa Florida parkean kokatzen den Goya gasolindegira mugitzeko asmoa adierazi zuen eta orain sozialisten esanetan, proposamen berri honekin ez litzateke turismo bulegoa handitzeko beharrik egongo, ezta inbertsio handirik egiteko. “Gure konponbidea merkeagoa, dinamikoagoa eta eraginkorragoa da”, gaineratu du Lopez de Munainek.

PSE-EE taldearen proposamena hurrengo ostiraleko osoko bilkuran eztabaidatuko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago