Ostiraletik igandera bitartean, espazio publikoa eta kulturari buruzko del no lugar al sí espacio jardunaldiak egingo dituzte Errekaleor auzoan. Kultura arloko eragile ezberdinez osatutako Errekaleor bai kolektiboak eztabaidarako jardunaldi hauek antolatu ditu, herritarrei baliagarria den inguru kulturala eskaintzeko xedez. "Leku ez izatetik (horrela utzi du Administrazioak Errekaleor auzoa) espazio izatera" ideia oinarritzat hartu dute. "Herritarrak espazio publikoa berreskuratzeko eta geure burua eraikitzeko gai gara. Jardunaldi hauen bitartez "leku ez diren" guneak herritarrentzako arte, ezbatabaida eta kulturaz betetako espazio publiko bilakatu nahi ditugu", azaldu dute antolatzaileek.
Testuinguru honetan, modu autogestionatuan erakusketak, kontzertuak, mahainguruak eta jarduera ezberdinak antolatu dituzte apiriralean 15, 16 eta 17an.
Erakusketa kolektiboa
Jardueren artean, gaur 19.30ean Errekaleorreko eliza zaharrean zabalduko den erakusketa kolektiboa dago. Bertan, 23 artisten ikus-entzunezko proposamenak ikusteko aukera egongo da.
Arlo kulturalari eta espazio publikoari buruzko eztabaidak
Bi dira jardunaldi hauetan antolatu dituzten mahai inguruak. Larunbatean, 12.00etan, ¿De qué viven los artistas? izeneko mahai inguruan parte hartuko dute hiriko eragile ezberdinek. Jose Cos artistak moderatzaile lanak egingo ditu eta besteak beste, Artium museoaren zuzendari Daniel Castillejok, Iñaki Larrimbe kudeatzaile kulturalak eta Mahaia kolektiboaren ordezkari Julen Anguianok parte hartuko dute.
Igandean, 12.00etan, Del no lugar al sí espacio izeneko hitzaldi-bermuta egingo dute, Errekaleor auzoko historia eta espazio publikoaren inguruko eztabaida, hain zuzen ere. 13 urteetan auzoko apaiza izan zen Cecilio Ibañez de Garaio, emakumeen kolektiboaren kide Maruja Blanco eta Errekamigos kolektiboaren kide Josean Morlesin izango dira hizlarietako batzuk.
Egitaraua osatzeko antzezlanak, kontzertuak eta poesia saio bat egongo dira.