Datorren igandean Gasteiz dantzan ekitaldiaren XV. edizioa ospatuko dute plaza Berrian, 12:00etatik 14:30era. Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioak antolatu du ekitaldia, datorren apirilaren 29an ospatzekoa den Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta.
Aurten, 13 taldek hartuko dute parte dantza oinarri duen jarduera honetan, eta espezialitate eta estilo ezberdinetako koreografiak eta fusioak dantzatuko dituzte: dantza klasikoa, euskal dantzak, neoklasikoa, garaikidea, flamenkoa, folklore kolonbiarra, ekialdeko dantza, izaera dantza, country line dance, urbanoa, Bollywoodekoa, zumba eta euskal dantza modernoa.
Hala, Gasteizko zein inguruko dantza talde eta eskola ezberdinak izango dira bertan, hala nola,
Gisela dantza ikastegia, U Klap!, Noralai eskola, Así es Colombia folklore taldea, Yee Haw Country taldea, Urkide ikastetxea, Al Compás del Alma elkartea, Kahina eta Arabesco konpainia, Soka kulturarteko eta kirol elkartea, Yee Hop eta Algara dantza taldea.
Apirilaren 29a, Dantzaren nazioarteko eguna
1981ean Peter Gusev maisu errusiarrak apirilaren 29an, urtero, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzea proposatu zuen, dantza klasikoaren berritzaile handitzat jotzen den Jean-Georges Noverre frantziar koreografoaren omenez. Hurrengo urtean proposamena onartu eta ofizial bihurtu zuen ITI-UNESCO erakundeak.