Errefuxiatuak, eskubiderik gabeko pertsonak. Zer egin dezakegu? Izenburu horrekin, jardunaldiak antolatu ditu Gasteiz Irekia ekimenak.
Lehenengo saioa asteartean izango da (hilak 19), 19:00etan Montehermoso Jauregiko Betolaza aretoan. Bertan, Salvamento Marítimo Humanitario erakundearekin boluntario lanetan egon berri den Iker Tapia mintzatuko da, baita EiTBko kazetari Hodei Arrausi ere. Biak egon dira Chios-en: alegia, milaka pertsonaren behin-behineko geltoki den Greziako Chios irlan.
Asteazkenean (hilak 20), Aldabe gizarte etxean izango da hitzordua, 19:00etan. Acción contra el Hambre erakundearekin lanean aritu den Daniel Burgui kazetari eta argazkilaria arituko da saioan, eta El juego del escondite film laburra emango dute.
Errefuxiatuekin hitzordua
Ostegunean bi errefuxiaturekin topaketa antolatu dute: Anis Hawari, Biladi elkarteko errefuxiatu siriarra, eta Ivan Forero, errefuxiatutako soziologo kolonbiarra. Film labur bat emango dute ere; zehazki, Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeko Quién es quién lana.
Jardunaldiei amaiera emateko, Los Señora! taldeak kontzertu bat eskainiko du Hala Bedi Tabernan, ostegunean bertan 21:30etatik aurrera.