Aldarri feministek Gasteiz hartuko dute gaur

Itsaso Estarrona 2016ko api. 8a, 08:04

Mobilizazioa aurkezteko joan den ostiralean egindako agerraldia. /Alea

Mobilizazioen jarraipena egingo du ALEAk webgunean eta sare sozialetan.

 

Morea izango da larunbat honetako kolorea Gasteizen. Euskal Herriko mugimendu feministak egun osoko aldarrikapen egitaraua antolatu du, honako leloarekin: "Hamaika eraso, 12 erantzun; vuestras violencias tendrán respuestas". 

Oraingoan, ez da tokian-tokiko protesta bat izango, Euskal Herri osoko herritarrei egindako deialdi bat baizik. Hori dela eta, hainbat herritik autobusak antolatu dituzte, btesteak beste Ondarroa, Oiartzun, Usurbil, Hernani eta Zizurkil. Madrildik eta Kataluniatik ere  taldeak etorriko dira.

Azken asteotan, 250 eragile baino gehiagok eman diote sostengua larunbateko ekimenari. Bestalde, milatik gora norbanakok adierazi dute euren babesa Internet bidez, eta horietatik 500 lagunek atxikimendu-argazkia egin dute. 

Martxotik giroa berotzen

Feministok Prest mugimenduko antolatzaileek apirilaren 1ean egin zuten aurkezpen-prentsaurrekoa Aldabe gizarte etxean eta, bertan adierazi zutenez, euren ekimena ez da manifestazio "soil bat" egitera mugatu: martxoaren 1etik abiatuta, hitzaldiak, tailerrak, topaketak eta film emanaldiak egin dituzte,  horiek guztiak bost ardatzetan oinarrituta: biolentzia ekonomikoa, arrazakeria, espazio publikoaren erabilera mugatua, heterosexismoa eta feminizidioa. 

Manifestazioa, 13:00etan

Larunbateko egitaraua ere oparoa izango da. Goizean hasiko da Foru plazan zunba eta reggaeton saio batekin, eta gauean amaituko da Gaztetxean, lau talderen kontzertuekin. Edonola ere, manifestazioa izango da eguneko ekitaldi nagusia, 13:00etan Bilbo plazatik abiatuta. Behin amaituta, kalejira egingo dute Gaztetxearen ondoko Etxauri plazaraino (Rafa plaza bezala ere ezaguna). Ondoren, bazkarirako tartea egongo da, Landatxo kiroldegian; 300 lagunentzat mahaia prestatuko dute, eta honezkero salduta daude txartel gehienak. 

Azken hilabeteotan egin duten lanarekin, gizarteak indarkeria matxistei erantzun ozena eman diezaien nahi dute Feministok Prest ekimeneko kideek. Hain zuzen, "ezinbesteko" ikusi dute "bortizkeriatzat zer ulertzen dugun birplanteatzea, bere forma guztiak ulertzeko". Izan ere, biolentzia matxista "kolpeak eta hilketak baino askoz gauza gehiago" dela azpimarratu dute; "egiturazko arazo bat da", euren manifestuan adierazi dutenez. 

Agintari publikoei ere dei egin diete, matxismoari aurre egiteko konpromiso sendoagoak har ditzaten: "Genero bortizkeriagatik oso arduratuak agertzen dira, baina errealitatea bestelakoa da, berdintasunaren arloan murrizketak egin baitituzte aurrekontuetan". 

Mobilizazioen jarraipena egingo du ALEAk webgunean eta sare sozialetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago