Borja Belandia zinegotziak Gasteizko Udala utziko duela iragarri du Radio Vitorian egindako elkarrizketan. "Arrazoi pertsonalak" aipatu ditu kargua uzteko eta bere ordezkoa Itziar Gonzalo de Zuazo izango da, Ekonomiaren eta Udal Administrazioaren Arloko koordinatzaile nagusia.
Belandia pertsona garrantzitsua da Urtaranen gobernuan, izan ere, alkateordea da eta Hirigintza, Ingurumen, Espazio Publiko, Herritarren Segurtasun, Nekazaritza Eremu eta Ogasuneko zinegotzia da. Horrekin batera, TUVISAko eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakaria da.
Zinegotzi jeltzaleak maiatzean utziko du bere kargua. "Modu progresiboan izango da, herritarrak aldaketa ez nabaritzeko". Hortik aurrera, Belandia Arabako Foru Aldundiko Katastro-zerbitzuan abokatu bezala zuen lanpostura bueltatuko da.
Itziar Gonzalo de Zuazo
Gasteiztarra da Itziar Gonzalo, Zuzenbidean lizentziaduna eta Arabako Abokatuen Elkargoaren Praktika Juridikoaren Eskolan prestatua. Añanako Kuadrillako kudeatzaile eta legelaria izan da 2011z geroztik, eta lehenago ere aritu zen zeregin horietan, 1993tik 2007ra bitartean. Gainera, Araba Garapen Agentziako —Arabako Foru Aldundiaren sozietate publikoa— zuzendari kudeatzailea izan zen, 2007tik 2011ra bitartean. Vital Kutxan ere lan egin zuen, erdi-mailako teknikari gisa, baita abokatu gisa ere, bere kontura. 2015eko uztailetik geroztik, Gasteizko udaleko Ekonomiaren eta Udal Administrazioaren Arloko koordinatzaile nagusia da.