Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapenak lau geltoki izango ditu: Ekialde institutuan, Trianako zubian, Hegoalde gizarte-etxean eta unibertsitatean. Horrela zehaztu du Eusko Jaurlaritzak Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapenaren lehen faseari dagokion informazio-azterlanean.
Guztira, 17 milioi euro inguru bideratuko dira obrak gauzatzera. Eusko Jaurlaritzak % 65 hartuko du bere gain, Gasteizko Udalak % 17,5 eta Arabako Foru Aldundiak %17,5. Tranbiaren obrak 15 hilabetetan egingo direla aurreikusten du txostenak, baina oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko diren.
Hegoalderako luzapenaren eraginez, zenbait aparkaleku desagertuko dira, guztira, 266, baina beste 74 aparkaleku berri sortuko dituztenez, orotara 192 dira galduko diren plazak.
Aurreikusitako bide-zatiak 1.340 metroko luzera izango du, Angulema kalean hasi, Florida kalea zeharkatu, ezkerrera egin, eta errepidearen iparraldetik aurrera egiteko. Ondoren, ADIFen trenbide-lubakia zeharkatuko du Trianako zubitik (zabaldu egin beharko da) eta Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleak igaro ondoren, Martinez de Aragón kalean amaituko da, lorategi-inguruan.
Eusko Jaurlaritzak gaur Euskal Herriko Arduralaritzaren Aldizkarian argitaratu duen txostenak azaltzen duenez, “aurreikusitako lau geltokiak desberdinak izango dira, kokatuko diren hiri-eremua gorabehera. Floridakoak eta Hegoaldekoak erdian izango dute nasa, eta alboan, berriz, Triana zubikoak eta unibertsitatekoak, errepideko garraio publikoarekin erabilera partekatu ahal izateko”.
Gaurtik aurrera, eta 30 egunetan, Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapenaren lehen fasearen gaineko informazio-azterlana eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarriko dira korporazioek, elkarteek eta partikularrek egokitzat jotako nahi beste alegazio aurkez ditzaten.