Musikeneko ikasleak oholtzara igoko dira Jazz Vital zikloan

Erredakzioa 2016ko api. 4a, 14:34

Musikeneko lau ikasle talderen errezitaldiak izango dira apirila eta maiatza bitartean.

Apirilaren 7an Jazz Vital zikloari ekingo dio Vital Kutxa Fundazioak eta maiatzera bitartean, lau kontzertu eskainiko ditu, non Musikene Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegiaren ikasle taldeak protagonista izango diren. Horrela, ikasle horiei ikasturtean egin duten lana erakusteko aukera emango zaie.

 Jazz Vital zikloaren inaugurazio kontzertua apirilaren 7an izango da, The Black Kasses taldearekin. Talde horrek etengabeko bilakaera bizi du, eta gaurko musikari egiten dion bertsio sorta zabala du ezaugarri. Irratian baino entzuten ez ziren hit-ak, orain zuzenean jotzen dituzte. Kassandra Charalampi da ahotsa, Pier Estefáno bateria-jotzailea, Andrés Navascues teklatua eta Jairom Black pianoa, eta eurekin batera  klasikoetatik bidaia egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek, izan ere, dantzatzeko egindako errezitaldia da. Kide guztiak  3. eta 4. mailetako ikasleak dira Musikenen.

 Apirilaren 14an The Club Quintet  igoko da Fundazioaren Aretoko agertokira, edozein motatako ekimena animatzen eta alaitzen espezializatutako taldea. Euren errepertorioan estilo ugari aurki daitezke eta XX. mendeko jazz tronpetak hartzen du protagonismoa. Santiago Fernández da tronpeta-jotzailea eta Noel Sacristán (saxofoia), Daniel del Valle (gitarra), Jesús García (kontrabaxua) eta Martin Hollande (bateria) ditu taldekide. Hauek ere 3. eta 4. mailetako ikasleak, ibilbide luzeko musikariak dira.      

 Aste bete beranduago, apirilaren 21ean, Brian Aching - David Cid taldearen txanda izango da, gitarra eta pianoa jotzen duen musika-bikotea, hain zuzen ere. Jatorri oso ezberdinak dituzte kide biek, Arching perutarra da sortzez, eta Cid gasteiztarra. Eurak dira zikloko gazteenak eta biak dira lehenengo mailako ikasleak Musikenen. 

 Maiatzaren 5ean amaituko da zikloa Elkarrekintza Jazz Quartet taldearen eskutik. Talde hori Art Farmer eta Jim Hall buru zituen laukotea gogora ekartzeko asmoz sortu zen, eta horien disko bi nabarmentzen dira, Interaction eta Live at the Half-Note (1963koak biak). Erreferente dute taldearen soinua, inprobisazioa eta moldaketak islatzen saiatzen badira ere, ez dute euren soinu propioa alde batera uzten eta jatorrizko laukotearen lanari euren materiala eransten diote. Elkarrekintza Jazz Quartet taldea Joan Gongak eta Javier Merinok (tronpeta), Pier Estefánok (bateria) eta Ignacio Fombuenak (kontrabaxua) osatzen dute, bigarren mailako ikasleak, hain zuzen ere.

 

Jazz Vital kontzertuak arratsaldeko 8:00etan izango dira, Vital Fundazioaren Aretoan (Bakea, 5 – Dendarabako 1. solairua). Sarrerak aretoan bertan eros daitezke kontzertu egunean, emanaldi bakoitza hasi baino ordu bete lehenago, 3 eurotan.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide