Mila lagunen babesa jaso du apirilaren 9ko manifestazio feministak

Anakoz Amenabar 2016ko api. 1a, 12:54

Indarkeria matxisten kontrako manifestaziora deitzeko agerraldia egin dute.

Feministok prest! goiburu duen manifestazioarekin batera, antzerkia, herri bazkaria, kontzertuak eta beste hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

 

Datorren apirilaren 9an Gasteizen ospatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute gaur, atxikimendu kanpainan jasotako babesa erakutsi eta egunean izango den egitaraua aurkeztearekin batera. Joan den otsailaren 23an hasi zuten atxikimendu kanpaina eta, dagoeneko, mila norbanakok baino gehiagok eman diote babesa formularioen bitartez eta 500 lagunek baino gehiagok atera dute argazkia Feministok Prest! afitxarekin. Halaber, 225 eragile lokal, nazional zein nazioartekoen babesa jaso du ekinaldiak. 

"Honekin argi ikusi dugu jendartearen zati handi batek konpromisoa hartua duela indarkeria matxisten aurrean erantzuteko. Baina ez hori bakarrik, ikusi ahal izan dugu ilusioz zabaldu dela herriz-herri babesa eman eta ekimez desberdinak antolatuz. Gainera, herri eta eskualde askotatik autobusak antolatu dira manifestaziora inguratzek", azaldu dute Gasteizen egindako agerraldian. Manifestazio "soil" bat ez izateko helburuarekin, azken asteetan, gainera, hainbat lan ildo jorratu dituztela gogoratu dute: gaua eta kalea, arrazakeria, kapitalismoa, heterosexismoa edota feminizidioak.

Aldarrikapena, kalera 

Ildo horretan, apirilaren 9rako egitarau zabala prestatu dute, eta 11 eraso 12 erantzun, vuestras violencias tendrán respuesta. Feministok Prest! leloa "kalera" eraman nahi dutela azaldu dute. "Urteak daramagu aldarrikatzen kaleak eta gauak gure egin nahi ditugula, horregatik, espazio publikoa okupatzeko hainbat ekimen ere prestatu ditugu: kalejirak, dantzak, kontzertuak...". Manifestazioa 13:00etan abiatuko da Bilbo plazatik, baina aurretik eta ondoren ere ekitaldi ugari izango dira; besteak beste, 16:30etik aurrera antzerkia Landatxon eta, 20:00etatik aurrera, kontzertuak gaztetxean.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago