'Errementari' pelikula prestatzen dabil Paul Urkijo gasteiztarra

Anakoz Amenabar 2016ko mar. 29a, 12:42
Udazkenean grabatuko dute 'Errementari' filma

Zuzendari arabarraren lehen film luzea oraindik aurre-ekoizpen prozesuan dagoen arren, Frontières nazioarteko ekoizpenen topagunean parte hartzeko aukeratu dute, beste 19 proiekturekin batera.  

Paul Urkijo zuzendari eta gidoilari gasteiztarrak, Kinoskopik zine ekoiztetxearekin batera, Jose Miguel Barandiaranek jasotako Patxi errementaria ipuina pantaila handira eramango du. Zuzendari gaztearen lehen film luzea izango da; lantaldea pelikularen diseinua prestatzen dabil udazkenean grabatu ahal izateko.

Urkijok azaldu moduan, txikitan haren ipuin gogokoena zen Patxi errementaria eta betidanik egin nahi izan du pelikula bat. "Errementari zital bati buruzko baserri giroko ipuin bat da, gizona hain da gaiztoa deabruek ere beldur diotela". Mitologia eta kondairen zale sutsua da, eta lau urte daramatza proiektu honekin lanean. Genero fantastikoko beste hainbat lan labur ere egin ditu azken urteetan, nazioartean 85 sari jaso dituztenak, tartean El pez plomo (2007) lanagatik.

Euskaraz, lehena

Belgikako Frontières nazioarteko produkzioen topagunean euskaraz filmatuko den proiektu bat aukeratzen duten lehen aldia da. Zine fantastikoaren ekoizle, banatzaile eta salmenta agente garrantzitsuenak biltzen dira bertan, eta mundu mailan hogei proiektu bakarrik aukeratzen dituzte bertan aurkezteko. Kinoskopik etxeko Luis Oza ekoizlearen esanetan, Errementari Frontieres-erako aukeratzeak "aurreprodukzioaren Oscarretarako" hautatuak izatea bezalakoa da. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide