Gasteiztarrek osoko bilkuran mozioak aurkezteko aukera izango dute, talde politiko baten bitartekaritzarik gabe

Erredakzioa 2016ko martxoaren 22a

Herritarren partaidetza zuzena ahalbidetuko du talde politiko guztiek onartu duten neurriak.

Gasteizek izapideei hasiera eman die herritarrek osoko bilkuran mozioak aurkezterko aukera izan dezaten talde politiko baten bitartekaritzarik gabe, orain ez bezala. Talde politiko guztiek onartu dute Udalbatzaren Araudia aldatzeko tramitazio egutegia, herritarren partaidetza zuzena ahalbidetzeko.

Modu honetan,  Gasteiz Euskadiko lehen udala izango da beharrezko aldaketak egiten dituena, taldeek edo elkarteek mozioak zuzenean aurkezteko aukera izan dezaten.  Batetik, partaidetza-organoetan egiten diren proposamenak dagozkien batzordeetan eztabaidatzeko aukera eman nahi da; bestetik, osoko bilkurako herritarren txandan  mozioak zuzenean aurkezteko bide eman, talde politiko baten bitartekaritzarik gabe.

Gaurtik aurrera talde politikoek zuzenketak aurkeztu ahalko dituzte. Ondoren, araudiari hasierako onespena emango zaio Udalbatzan, eta jendaurreko erakustaldia zabalduko da, herritarrek alegazioak egin ditzaten. Azkenik, behin betiko onartuko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago