Salburua gizarte etxeko akats berriak salatu ditu PSE-EEk

Saioa Fdz.de Arangiz 2016ko mar. 21a, 14:09

Orain arte egon diren akatsak konpontzen, udalak 13.000 euro inguru gastatu ditu.

Salburuko gizarte etxe berrian dauden akatsak behin betiko konpontzeko eskatu du  PSE-EE udal taldeak gaur ospatu den Hirigintza Batzordean. Talde sozialistak salatu duenez, orain urte bete baino gutxiago ateak zabaldu zituen gizarte etxean topatu diren hutsuneak eta akatsak konpontzen 13.000 euro inguru gastatu ditu udalak. Izan ere, eta udal gobernuak berak aitortu bezala, konponketa batzuk eraikina altxatu duen enpresak bere gain hartu ditu.

Zentzu honetan, ekipamenduan topa daitezkeen zenbait akats aipatu ditu talde sozialistak, hala nola, egoera txarrean dagoen zorua, zarata, itoginak, pitzadurak edo hainbat arazo igerilekuaren arazketan. Hauetako batzuk aurreko Gabonetan konpondu zituzten eta horretarako gizarte etxeko zenbait zerbitzu itxita egon zirela gogorarazi du PSE-Eek.

Orain, erabiltzaileek egindako kexa berriak jaso dituzte. Besteak beste, dutxetan uraren tenperatura erregulatzea ezinezkoa dela diote batzuk. Horrez gain, gizarte etxeko klimatizaziorako makinek egiten duten zaratagatik kexu dira inguruko bizilagunak. PSE-EE taldeko bozeramailea Peio Lopez de Munainek azaldu bezala, “hasierako protesten eraginez, makinen orientazioa aldatu zen, baina neurria ez da nahikoa izan eta orain zarata gertu dauden beste etxebizitza batzuetan entzuten da”.

 Udal Gobernuak, bere aldetik, aipatutako lehenengo arazoak konponbide zaila duela aitortu du. PSE-EEk salatu duenez, ur hotza eta beroa zirkuitu beretik doaz eta hortaz, ur beroa ateratzeko, lehenik eta behin hodian dagoen ur hotz guztia atera behar da. “Horrela, txorrota zabaltzen den bakoitzean ur litro kantitate handiak galtzen ditugu”. Makinek eragiten duten zaratari dagokionez, soinua gelditzeko barrerak instalatzeko eskatu du talde sozialistak.

Gauzak horrela, “berehalako konponbidea” eskatu du Lopez de Munainek eta udalak “hainbeste hutsune eta akats dituen obra” bat ez zuela bere gain hartu behar adierazi du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide