Indarkeria matxisten aurkako borrokan "tresna eraginkorrak" eskatu dituzte

Anakoz Amenabar 2016ko mar. 18a, 17:33
Indarkeria matxista desberdinen desfilea egin dute Gasteizen.

Apirilaren 9an ospatuko den manifestazioaren berri eman eta Gasteizko egoeraren diagnostikoa egin dute mugimendu feministako kideek.

 

Manifestazioaren berri ematearekin batera, "konpromisoak hartu, ardurak banatu eta bortizkeria matxistaren aurrean apustu bat" egiteko deia egin dute Gasteizko Udalean aurkeztu duten mozioaren bitartez. Talde guztiek egin dute bat apirileko deialdiarekin eta aldarrikapenekin.

Apirileko manifestazioak 11 eraso, 12 erantzun, Feministok Prest! izango du lelo, eta, hain zuzen, bortizkeria matxistaren nondik norakoei buruzko debatea sustatu eta eraman nahi izan dute Gasteizko Udalera. "Bortizkeria ez da bakarrik kolpeak, hildakoak eta bortxaketak, ez: definizio sinpleetatik aldendu nahi dugu, sinplifikazio hau baino korapilatsuagoa baita. Bortizkeria matxista estrukturala da, emakumeak beldurrean sozializatzen dituen sistema batean oinarritzen da, gorputz femeninoak ahultzat jo eta maskulinoak agresibotzat dituena", azaldu du Gladys Giraldo mugimendu feministako kideak. Bortizkeria anitzak direla eta horiek ikusarazteko eta horiei aurre egiteko Euskal Herriko Mugimendu Feministak urteak daramatza lanean gogoratu du. Horiei aurre egiteko "tresna eraginkorrak" eskatu dituzte.

Udalean onartutako mozioari esker, besteak beste, indarkeria matxistaren definizioa handitu, eta lehen aipatutako indarkeriak eta hauek hartzen dituen dimentsio ezberdinak gehituko zaizkio, eta hauen kontrako planak diseinatuko dira; aurrekontu nahikoa mantenduko du Gasteizko Udalak genero indarkeriari aurre egin eta prebentziorako lanetarako; jai eremu, eta jaia ematen den momentuetan ematen diren eraso matxistei aurre egiteko protokoloen lanketa egingo dute hainbat eragileren laguntzarekin; LGTBIQ pertsonen eskubideen diagnostiko bat egingo da, euren eskubideak bultzatzeko ekintza eta estrategia diseinatzearekin batera; eta zaintza lanetan ari diren emakumeen bizi eredua hobetzeko asmoz, zaintza lanak errazten dituen zerbitzu publikoa bideratuko da.

Horiek guztiak betetzen direla ziurtatzeko, Udalaren jarduera "gertutik" jarraituko dutela agindu dute mugimendu feministako kideek. Udaleko agerraldia amaitu ostean, Gasteiz erdiguneko kaleetan indarkeria matxista askotarikoen desfilea egin dute, burua estaltzen duten kutxekin.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide