Erasoak "gutxiengoan dagoen kolektibo batek" egin zituela dio musulmanen kolektiboak

Erredakzioa 2016ko mar. 17a, 11:22

Zabalgana auzoan irekitzekoa den meskitaren kontra erasoak “onartezinak” direla adierazi dute. Gaur, 17.30ean, aniztasunaren aldeko jaia antolatu dute Zabalganako bizilagunek.

Gasteizko musulmanen elkarteek Zabalgana auzoan irekitzekoa den meskitaren kontrako erasoak “onartezinak” direla adierazi dute ohar baten bidez eta erasoa  “gutxiengoan dagoen kolektibo batek” egin duela uste dute. Meskitara txerri haragia eta odola bota dutenak "pertsona errespetugabeak" dira, “egun gure hiriak bizi duen kulturaniztasunarekin kontzientzia gutxi edo kontzientziarik ez duten pertsonak, hain zuzen ere”.

 Horrela, biziki gaitzetsi dute erasoa eta agintariei egoeraz arduratzeko eskatu diete. “Askatasun erlijiosoaren aurkako ekintza hauek pena sentimendua eragiten dute gugan, ez baitugu ulertzen XXI. mendean Europan horrelako pentsamolde atzerakoia duen jendea egotea”.

 Bestetik, meskita Zabalganako lokal horretan zabaltzeko asmoa mantentzen dutela adierazi dute Gasteizko musulmanen elkarteek. Azkenik, eskerrak  eman diete Zabalgana auzoko elkarte eta auzokideei, “adierazi duten elkartasunagatik”.

Izan ere, gaur arratsaldean ‘Aniztasuna aberastasuna da’ jaia antolatu dute auzoan. Arratsaldeko 17.30ean Leza kalean kokatzen den Mariturri eskolatik abiatu dira kalejiran  meskita zabalduko duten lokalera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide