Jazz jaialdia abiatzeko, gasteiztar bat

Itsaso Estarrona 2016ko martxoaren 14a

Gasteizko Pablo Martin Caminero kontrabaxistak irekiko du Gasteizko Jazzaldiko 40. edizioa, uztailaren 12an Principal antzokian. 

Gasteizko labeldun musikari batek irekiko du aurten hiriko Jazz jaialdia: Pablo Martin Caminero kontrabaxu-jotzaileak. Beste bi musikarirekin batera igoko da Principal antzokiko oholtzara: Albert Sanz pianista eta Borja Barrueta bateria-jolea. 

Konexioa saioaren protagonista izango da hirukotea; hain zuzen, Euskadiko eta Ipar Amerikako musikarien arteko loturak indartzeko egiten da Konexioa, Jazzaldiaren baitan XXI. mendeko jazzari eskaintzen zaion zikloaren barruan. Aurten, bertako artistek Chris Cheek saxofoi-jotzailearekin konpartituko dute agertokia. 

Bost eguneko programazioa

Uztailaren 16ra arte, asko dira taulatik pasako diren musikariak: ezagunenen artean, Kenny Barron pianojolea,  Jamie Cullum jazz eta pop abeslari britaniarra, eta Pat Metheny gitarra-jole eta Ron Carter kontrabaxu-jotzaile beteranoak daude.

Maila altuko beste musikari askok osatuko dute zerrenda. Tartean, Taj Mahal, Tom Harrell Trip, Joshua Redman  Quartet eta Cécile Mclorin Salvant musikari eta taldeak daude, baita The Aaron Diehl Trio eta The Victory Gospel  eta Bryant Jones ere. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago