Martxoaren 3ko pankarta batengatik, Baskoniako bi zale identifikatu dituzte

Erredakzioa 2016ko mar. 11a, 15:00

 

Gertakaria salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Indar Baskoniako kideek. ‘Martxoak 3: egia, memoria eta justizia’ zuen goiburu pankartak.

 

Indar Baskonia taldeak salatu du bi zaleri espedientea ireki diela Ertzaintzak, joan den igandean Laboral Kutxa eta Dominion Bilbao Basketen partidan Martxoaren 3ko pankarta bat erakusteagatik. Kirol Legearen arabera, ezin da kirola ez den beste arloko sinbolorik erakutsi.

Martxoak 3: egia, memoria eta justizia zuen goiburu pankartak. “Hildako langileek Gasteizko eta herri osoko beharginen eskubideak defendatzen zituztelako soilik hil zituztela gogorarazi nahi genuen soilik”, azaldu du Indar Baskoniak ohar batean. 

Ertzainek bi gazte horiek "jazarri eta identifikatu" zituztela salatu dute eta identifikatutako lagunentzat ez ezik, Baskonia zale ororen, Gasteizen eta Martxoaren 3aren memoriaren kontrako "erasoa" dela azaldu dute. "Poliziak izandako jarrera lotsagarri, penagarri eta iraingarria gaitzesten dugu", salatu dute. Prozedura administratibo bat abian da, eta bi zaleen kontrako zigor batekin amaitu daiteke; 3.000 eta 60.000 euro arteko isuna izan daitekeela jakinarazi dute.

Gertakaria salatzeko, ehun bat zalek elkarretaratzea egin zuten atzo. Moskuko Khimkiren kontrako partida hasi aurretik protesta egin zuten Buesa Arena pabilioi aurrean. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide