“Koordinazio ezak” Abetxukuko zubiaren berritze-lanak gelditu ditu

Saioa Fdz. de Aranguiz 2016ko martxoaren 8a

Eusko Jaurlaritzaren sailen arteko koordinazio faltagatik, otsailean amaituta egon behar ziren obrak eten egin direla salatu du PSE udal taldeak.

 

PSE udal taldeak ingurumen batzordean salatu du Abetxukuko zubi zaharra berritzeko lanak gelditu direla “Eusko Jaurlaritzaren sailen arteko koordinazio ezagatik”. Printzipioz, otsailean amaitu behar ziren lanak baina talde sozialistak salatu duenez, abendutik daude geldituta.

Abetxukuko zubi zaharra monumentu-multzo kategorian aailkatutako Kultura Ondasuna da eta horrek ekarri du lanak gelditzea. Izendapen hau 2015eko urritik ezaguna dela azaldu du talde sozialistak, hala ere, obrak azaroan hasi ziren eta horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta proiektuaren arduraduna den URAren arteko “koordinazio falta” egon dela salatu du talde sozialistak.

“Ez dugu ulertzen zergatik jarri zuten obra martxan, babestutako ondasuna dela jakinik. Orain proiektua aldatu behar dute, izendapen horrek eskatzen dituen baldintzekin bat egiteko”, gaineratu du PSE taldeko bozeramaile Peio Lopez de Munainek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago