Kodigo Nortek irekiko du Matxeteko egitaraua jaietan

Itsaso Estarrona 2016ko mar. 2a, 12:49

Gasteizko Kodigo Norte taldeak Matxeteko lehenengo kontzertua eskainiko du uztailaren 30ean

Uztailaren 30ean igoko da oholtzara Gasteizko hip hop taldea, eta abuztuaren 5etik aurrera beste lau taldek girotuko dute Aihotz plaza: Izaki Gardenak, Gontzal Mendibil, Sorkun eta Skakeitan taldeek, hain zuzen.  

 

Azken urteetan lau kontzertura mugatu ondoren, bost emanaldi eskainiko dituzte berriro ere aurten Matxete plazan, Gasteizko Jaietan. Egitaraua aurreratu, eta uztailaren 30ean hasiko da festa giroa berotzen Aihotz enparantzan. Egun horretan irekiko du bertako txosna Gasteizko euskaltzaleen Geu elkarteak, eta iluntzean eskainiko dute aurtengo egitarauko lehenengo kontzertua: Kodigo Norte hip hop talde gasteiztarraren emanaldia, hain zuzen. 

Abuztuaren 5ean, Jon Basaguren abeslari eta gitarra-jole iruidarraren Izaki Gardenak boskoteak hartuko du lekukoa, pop, rock eta country doinuekin. Larunbatean, ordea, Gontzal Mendibil musikagilearen txanda izango da (egun berean Esne Beltzak joko du Foru enparantzan). Funky, jazz eta soul ikutuko kantak izango dira hurrengoa, Sorkun errenteriarraren eskutik. Amaierako kontzertua Skakeitan ska-punk bandak eskainiko du, abuztuaren 8an (astelehena). 

Foru plazan, rock zaharra eta pop berria

Zeledon jaitsi eta ordu batzuetara Mikel Izal gasteiztarraren pop eta indie-rock boskoteak irekiko du Foru enparantzako emanaldien aurtengo zerrenda. Andre Maria Zuriaren egunean, abuztuaren 5ean, talde arrakastatsu batek hartuko du lekukoa: DVicio pop-rock taldeak. Euskarazko kontzertuaren txanda larunbatean izango da (urtero bakarra eskaini ohi dute). Zehazki, Esne Beltzak jarriko ditu dantzan gasteiztarrak eta bisitariak. Azken  bi kontzertuak, 7an eta 8an, ibilbide luzeko bi taldek eskainiko dituzte: Reincidentes punk-rock talde andaluziarrak eta zelta kutsuko rocka egiten duen Celtas Cortos banda ospetsuak, aurretik ere biak Foru enparantzan egondakoak. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide