Martxoak 3

Lluis Llach omendu dute Gasteizen

Mikel Uralde 2016ko mar. 1a, 14:20

 “Nire lorategi emozionalean Gasteizek beti izan du leku bat”, aitortu du artista katalanak.

Lluis Llachi omenaldia egin diote Gasteizen. Urtarrilean Gasteizko gizarteko hainbat arloko pertsonak osatutako hiri ekimen batek Llachi aitorpen bat egiteko eskatu zion Gorka Urtaran alkateari, Campanades a morts requiem-aren egileari eskerrak emateko eta Gasteizekiko izan zuen elkartasuna aitortzeko. Hala, eta Martxoaren 3aren inguruko nazioarteko jardunaldien barruan, udal talde politiko guztiek, PPk salbu, harrera egin diote kantautore katalanari. Martxoaren 3ko biktimen senideei eta Llach omentzeko ekimena bultzatu zutenei ere harrera egin diete.

“Nire lorategi emozionalean Gasteizek beti izan du leku bat”, aitortu du Lluis Llachek eta deitoratu du gertakarietatik lau hamarkada igaro ondorengo zigorgabetasuna. “Askatasun indibidual eta kolektiboen alde gaudenok oraindik lan asko dugu egiteko”, adierazi du.

"Hunkituta" dagoela esan du, eta gogoratu du kantua "inpotentziaz eta amorruz" konposatu zuela, Franco hil ondoren gertatzen zen lehen hilketa baitzen. “Herrialde batek, benetan demokratikoa denean, ezin dio memoriari uko egin. Espainiako Gobernuak barkamena eskatu behar du, eta gutxienez, biktima tratamendua eman”.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago