Martxoak 3

Espainiako hurrengo presidenteak martxoaren 3agatik “barkamena” eska dezan exijitu du Urtaranek

Erredakzioa 2016ko ots. 29a, 14:19

“Nahiko nuke Espainiar estatuak David Cameron eta Angela Merkelek egin dutena egin dezan, haiek barkamena eskatu dutelako Derryn “Bloody Sunday” izenekoan eta nazien holokaustoan gertatutakoagatik", azaldu du Gasteizko alkateak.

Gaur goizean “Zigorgabetasuneko 40 urte. Egia, justizia eta erreparazioa” 1976ko martxoaren 3an gertatutakoei buruzko nazioarteko jardunaldiak hasi dira Artium museoan eta hauek irekitzeko ekitaldian izan da Gasteizko alkate Gorka Urtaran. Bertan alkateak dei egin du Espainiako gobernuko hurrengo presidenteak biktimei eta familiei barkamena eska diezaien eta giza eskubideak urratu zirela aitortu dezan.

“Nahiko nuke Espainiar estatuak, azken batean hura baita 1976ko martxoaren 3ko hilketen erantzulea, David Cameron eta Angela Merkelek egin dutena egin dezan, haiek barkamena eskatu dutelako Derryn “Bloody Sunday” izenekoan eta nazien holokaustoan gertatutakoagatik. Egindako mina aitortzea eta barkamena eskatzea egin daitekeen gutxienekoa da. Hartara, erreparazioaren bidean benetan aurrerapausoak ematen hasiko ginateke, eta biktimen memoria omentzen; izan ere, ez dugu ahaztu behar denok berdinak direla eskubideei eta merezi duten tratamenduari dagokienez. Denek merezi dute egia jakitea. Estatuak ezin ditu martxoaren 3ko biktimak ahaztu zigorrik gabe”, adierazi du alkateak. “Erantzukizuna argitu beharra dago, familiek zor zaien erreparazioa jaso eta egindako kaltea aitortu dakien”, amaitu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide