Euskal Herriko emakumeen lehen squash txapelketa irekia, Gasteizen

Saioa Fdz. de Aranguiz 2016ko mar. 3a, 09:49

40 partaide baino gehiago izango ditu martxoaren 4tik 6ra ospatuko den txapelketak. Jaio berri den Niksquash emakumeen kirol klub arabarrak antolatu du.

Martxoaren 4tik 6ra Gasteiz Hiria Emakumezkoen I Opena ospatuko da Gasteizen, Euskal Herrian eta Estatuan egiten den lehena. Jaio berri den Niksquash talde arabarrak antolatu du eta oso pozik agertu da openak izan duen harrerarekin. Izan ere, 40 jokalarik baino gehiagok eman dute izena. “Ez dira sekula 30 emakume baino gehiago elkartu squashean aritzeko, ez maila lokalean, ezta estatu mailan ere”. Parte hartzaileen artean, maila guztietako jokalariak izango dira: eskarmentu eta ibilbide handikoak, Laura Saez Arabarra eta Rosa Andres Nafarra kasu (35 urtetik gorakoen artean Europako txapelduna eta kategoria berean hiru aldiz Espainiako txapelduna, hurrenez hurren) eta baita kirol honetan hasi berriak diren maila baxuko jokalariak, edota jokoan urte batzuk daramatzaten maila ertainekoak ere.

 Hala, Galizia, Valentzia, Leon, Palentzia, Santander, Bartzelona, Iruñea eta Arabako hainbat emakume kirolari elkartuko ditu Niksquashek Gasteizen martxoaren 4tik aurrera. Martxoaren 5ean, larunbatean (goiz eta arratsaldez) izango da txapelketa, eta ostiral arratsaldean eta igande goizean ekintza kultural osagarriak antolatu dituzte; Alde Zaharra edo Eraztun Berdea ezagutzeko.

 

Squasharen arrakasta Araban

  Niksquash emakumeen kirol kluba sortu berri du squasha maite duen emakume talde arabar batek. Norabide  bikoitzeko helburua dute: emakumeen artean squasha bultzatzea, eta Squasharekin lotutako ekintza antolatuetan emakumeen parte hartzea areagotzea. 20 bazkidek osatzen dute taldea eta bi egitasmo ditu une honetan esku artean. Niksquash emakumezkoen liga, batetik, eta bestetik, Gasteiz Hiria Emakumezkoen I Opena, une honetan Euskal Herrian eta Estatuan squashean ari diren emakumeen arteko sareak josten hasteko lehenengo ekimena.

 Araban, guztira, 140 squasheko lizentzia daude, horietako 20 dira emakumeenak. Arabako klub pribatuek bi liga paralelo antolatzen dituzte. Mistoan, Freesquash klubak antolatzen duen ligan, hiru emakume eta  112 gizon daude; Niksquash emakumeen ligan 15. Horrez gain, antolatzen diren txapelketetan, emakumeen ehunekoa oso txikia da, Araban, 30 bat gizonek parte hartu ohi dute batez beste lurraldeko txapelketetan, emakumezkoetan, kasurik onenean, 8k.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide