Errefuxiatuen eskubideak aldarrikatuko dituzte larunbatean

Erredakzioa 2016ko ots. 26a, 10:14

Iheslari eta Etorkinen Eskubideen aldeko Europako martxaren baitan kokatzen da Gasteiz Irekia ekimenak larunbaterako deitu duen elkarretaratzea. Modu sinbolikoan manta bat eta maleta bat eramateko eskatu diete herritarrei.

 

Gasteiz Irekia ekimenak larunbatean, hilaren 27an, errefuxiatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu du, 'Ongi etorri errefuxiatuak' lelopean. Deialdi hau Europa mailan egingo den Iheslari eta Etorkinen Eskubideen aldeko martxaren baitan kokatuta dago. Larunbatean 13:00etan Urrezko Zeledonen plazara hurbiltzen direnei modu sinbolikoan manta bat eta maleta bat eramateko eskatu diete.

"Europak 160.000 iheslari onartzeko konpromisoa hartu zuen, baina azkenean 583 bakarrik hartu ditu", salatu du Gasteiz Irekia ekimenaren kide Rosabel Argotek. "Diskurtsu eta proposamen politiko xenofoboak indartzen ari dira, eta horrekin batera harrera guneei erasoak egiten zaizkie eta atzerritarrak kriminalizatzen dira. Bigarren Mundu Gerraz geroztik gertatzen ari den lekualdatze bortxatu hau da sortu den krisirik handiena, eta horren aurrean Europaren jarrerak ez du erakusten ez jendetasunik, ez erantzunkizunik ez elkartasunik. Errefuxiatuei babesa ematea ez da karitate kontua, baizik Giza Eskubideen Nazioarteko Itunek biltzen duten oinarrizko eginkizuna", gaineratu du Argotek. Horregatik Gasteiz Irekia ekimenak Europar Batasunari, Espainiako gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari neurriak hartzeko eskatu die. 

Horrez gain, Zuriñe Estivariz 'Txiki' Gasteiz Irekia ekimenaren kideak azaldu duen moduan, herritarren parte hartzea ezinbestekoa da. "Eskerrak herritar gehienak beren gobernuek erakusten duten mailatik gorago daudela. gure erbesteratze garaien historia gogoan dugu eta handik ere ikasi dugu". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide