1976ko martxoaren 3an gertatutakoen oroimen artistikoa eta soziala berreskuratzeko erakusketa egingo dute Artiumen. Martxoaren 3a gogoan programaren parte da erakusketa, eta diktaduraren amaieratik demokraziaren lehen urteetara bitartean egindako zazpi margolan (Juan Genovés, Rafael Canogar eta Agustín Ibarrola artistenak, besteak beste) izango dira bertan ikusgai, guztiak kutsu politiko handikoak. Lan hauek Artium Bildumakoak dira. Horrez gain, martxoaren 3ko oroigarrien parte diren objektu sorta bat ere ikusgai dago erakusketan (liburuak, dokumentuak, disko-azalak…, besteak beste, Lluis Llach-en Campanadas a mort ezagunarena). Egun haietan grabatutako dokumental bat ere proiektatuko da, PCErekin lotutako Madrilgo zinemagile talde batek egina.
Bestalde, Inside Out proiektua aurkeztuko da: fatxadetan ezarritako argazki erraldoiak, gizatasunaren alderdiren bat nabarmentzeko xedea dutenak. 1976ko sarraskiaren biktima izan zirenen senideen 6 aurpegi eta lanaren sortzaileen senide eta adiskideen beste 6 aurpegi nahasi dira proiektu horretan. Azkenik, bertako artista batzuen lanek osatzen dute erakusketa, esate baterako, Miguel Ángel Hernández Zirikarenak. Azkenik, entzungai egongo dira ertakizunetan inspiraturik Estatu osoko taldeek egindako genero guztietako musika-piezak.
Martxoaren 3a gogoan erakusketa museoaren Ekialde-Goikoa aretoan egongo da, otsailaren 25etik martxoaren 3ra bitartean.